2022/03/31

"Esperentzia irabazi dugu denbora honetan, eta hori nabari da abesti berrietan"

Alex Hernandez eta Asier Larrea bizkaitarrek sortu zuten Blackhearth heavy metal banda 2010ean. Egonkortasuna lortzeko zailtasunak albo batera utzita, bi musikariek hartu zuten proiektua aurrera eramateko ardura. Maketa bat aurkeztu ostean, bikoteak maila oneko lau musikarirekin osatu zuen taldea estreinako diskoa argitaratzeko. Formula berarekin, iazko abenduan The Wrath of God bigarren diskoa kaleratu zuten. Bi sortzaile eta gidariekin hitz egin dugu.

Zuen lan berriak kritika onak jaso ditu orain arte. Era berean, elkarrizketa ugari egin dizkizuete. Gustura zaudete izan duen harrerarekin?

Bai noski, oso pozik gaude diskoaren harrerarekin. Esan moduan kritika onak jaso ditugu, baina garrantzitsuena jendea ematen ari den feedback-a da. Egunero heltzen omen dira zaleen mezuak, eta ez bakarrik ingurukoenak, baita kanpoko hainbat herrialdeetakoak ere. Adibidez, AEBetakoak, Ingalaterrakoak eta Frantziakoenak.

Hemengo, inguruko eta nazioarteko metal hedabideetara iritsi zarete. Nolatan lortu duzue?

Pixkanaka eman den prozesu bat dela esango genuke, ez da bat-batean gertatu den zerbait. Lehen diskoa Sliptrick Recordsekin kaleratu genuenean, nazioartean lehen kontaktuak egin genituen. Bigarren diskoarekin harreman horiek ugaritu dira. Kritika asko jaso eta elkarrizketa mordoa eskaini ditugu herrialde askotan. Hala nola, Kuban, Argentinan eta AEBetan. Lehen diskoarekin elkarrizketak soilik estatuan eta Europan egin genituen.

Tim Ripper Owens abeslari ezagunaren kolaborazioa erabakigarria izan da?

Argi dago bera bezalako abeslari baten kolaborazioa izatea bultzada bat izan dela. Guk egindako lana ere oso ona izan dala esango genuke, baina jendea irabazteko erraztasunak eman dizkigu haren parte hartzeak.

Zergatik jo zenuten berarengana?

Gaur egun egiten ari garen musika kontuan hartuta, argi genuen abeslari aproposena bera zela. Betidanik izan gara bera parte izan den taldeen zaleak, eta bere ahotsa nolakoa den jakinda gure diskorako primerakoa zela pentsatu genuen. Entzun daitekeen moduan, erabaki zuzena izan zen. Aldi berean, gure amets bat errealitate bihurtu dugu.

Gustura geratu zarete bere ekarpenarekin?

Bai. Oso gustura egon gara berarekin lanean aritu garen denbora guztian. Kontaktua mantendu dugu grabazioko edozer gauza komentatzeko. Oso profesionala izan da, abestia jaso zuenetik 24 ordu ez zirelako pasa guk bueltan jaso genuenerako, eta bere ahots pasarte guztiekin.

The Wrath of God landuagoa da aurreko lanarekin konparatuta, eta soinu aldetik ere hobera egin duzue. Detaile guztiak zaindu nahi izan dituzue?

Detaileak beti zaindu izan ditugu, bai disko berrian eta baita aurrekoan ere. Soinu aldetik bai egon dela aurrerapauso nabarmen bat. Horretan, Pedro J. Mongeren eskua nabari da. Lan oso ona egin du guk nahi genuen soinua lortzeko, eta gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu.

Hitz egin dezagun sormen prozesuaz. Zuek biak zarete Blackhearth taldearen sortzaile eta gidariak. Zein arduratzen da kantuak konposatzeaz?

Bien ardura da, eta gainerako taldekideek guk egindako oinarritik abiatuta beraien ekarpena egiten dute.

Bien artean sorturiko proiektua beste lau musikarirekin osatu zenuten: Alain Concepcion ahotsa, Endika Ortega gitarrista, Jorge Sanchez baxua eta Julio Veiga teklatu jotzailea. Sormenari dagokionez, bi diskoetan, eta bereziki bigarrenean, zer nolako parte hartzea izan dute?

Musikari horiek euren esentzia gehitu diote kantuei. Detaile propioak sartu eta aldaketa batzuk proposatu dituzte. Aurreko lanarekin alderatuta, Alainek ahotsen melodietak osatzen lagundu digu.

Seikote gisa funtzionatzen duzue ala jatorrizko bi musikariak zarete oinarria?

Momentuz gu biok gara proiektuaren gidariak, eta horrela jarraitzeko asmoa dugu. 2017an erabaki genuen bikote gisa aritzea, beste musikari batzuen laguntzarekin. Oso harreman ona dugu seiron artean, eta oso pozik gaude lan egiteko erarekin eta lortutiko emaitzarekin. Beraz, horrela jarraituko dugu.

Heavy metal klasikoa, tarteka iluna, topatuko dugu zuen lan berrian. Pasarte progresiboak eta bestelako eraginak ere badaude. Musikalki, pauso bat aurrera eman duzue lan berriarekin?

Ez dakigu urrats bat aurrera egin dugun. Dena dela, argi dugu lehen diskotik bigarrenera eboluzioa badagoela. Guk ere esperentzia irabazi dugu denbora honetan, eta hori nabari da abesti berrietan.

Diskoa bere osotasunean hartuta, abestien egiturak, riffak eta melodiak borobilagoak direla esango nuke. Ados zaude?

Bai, noski. Gure ustez, abestien artean lotura bat dago. Nahiz eta desberdinak izan euren artean, lotura moduko bat dagoela uste dugu, eta hori lortzea zaila izan arren, lortu dugula ematen du.

Eraginekin bueltan, zeintzuk dira zuenak?

Zaila da esatea denetarik entzuten dugulako. Aberastasun hori diskoan nabaritzen dela uste dugu. Talde batzuk aipatzekotan, ondorengoak esango genituzke: Black Sabbath, Iron Maiden, Iced Earth eta Axel Rudi Pell. Zaila da guztiak izendatzea, baina uste dugu hauen eragina nabari dela gure musikan.

Aurreratu bezala, diskoa Pedro J. Mongeren Chromaticity Studios-etan grabatu zenuten. Zergatik erabaki zenuten estudioz aldatzea?

Bigarren diskorako kalitate aldetik jauzi bat eman nahi genuen. Aspalditik ezagutzen genuen Pedroren lana, musikari eta ekoizle moduan. Berak grabatu dituen talde askoren diskoak entzun ditugu, eta lortzen duen emaitza ikusita aukera onena zen guretzako. Batez ere, nazioarte mailako soinu hori lortzeko. Zalantzarik gabe, hirugarren diskoa berarekin grabatuko dugu.

Bukatzeko, kontzertuei begira jarriko gara. Pandemiak erabat baldintzatzen ditu zuzenekoak, eta gauzak etengabe zailtzen ditu. Zuen kasuan, diskoa taula gainean aurkezteko aukera izango duzue?

Seguru gaude aukerak sortuko direla diskoa zuzenean aurkezteko. Pandemiarengatik urtarrilean Vhäldemar taldearekin jo behar genuen kontzertua bertan behera geratu zen. Dena dela, lanean gabiltza data berriak lotzeko Euskal Herrian eta estatuan. Oraindik ez dago ezer itxita, baina laster albiste onak ematea espero dugu.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak