Apokaliptikoa da azala. Pertsona bat oinez ageri da, ilargipean, eta atzean du utzitako hondamendia. Markina-Xemeingo Hilbera taldearen ustez Mundu Galdua da gurea. Horrela ere, ilbehera horrek argirik badu, eta ezin dena galdutzat eman. Kontzeptua bezain landua da abesti zerrenda, belarria okertzen duen horietakoa. Belarritik tira egin diogu Julen Mandiola gitarristari lortu duten freskotasuna zoriontzeko.
Gizakiak eragindako hondamendia islatu nahi izan duzue estreinako diskoarekin?
Bai, hori da. Gizarteak daraman bidea ikusita, atzera begiratu barik, esku artean dugun altxor bat usteltzen ari gara. Azalean ikusten dena da pertsona bat bere bidea egiten, argitasunerantz, baina atzean ustelkeria uzten eta dena hondatzen.
Urtarrilean argitaratu zenuten diskoa, eta pentsa daiteke dagoeneko ingurukoen iritzia jasoko zenutela. Zer nolako harrera izan du?
Nahiko ona izan duela esango genuke. Musikalki jendeari asko gustatu zaio eta kritika onak jaso ditugu. Azken batean, landuriko musika bat da, nahiz eta berezia izan. Eta ekoizpen aldetik, jendeari asko gustatu zaio. Ez zuten espero horrelako kalitatezko soinua lortuko genuenik.
Estreinako lanak bereziak dira. Mundu Galdua argitaratzea garrantzitsua izan da zuentzat?
Bai, dudarik gabe. Gure lehen lan luzea izan da, eta asko ikasi dugu. Denentzat izan da aurreneko lan luze baten grabazioa, eta berezia izan da guztiontzat. Gogorra zentzu batean, baina oso aberasgarria.
Intro bat eta outro bat ditu diskoak. Bata indartsua da, eta beste lasaia. Hasiera eta bukaera bat eman nahi izan diozue lanari?
Bai, hori da. Pixka bat azalaren ordena jarri nahi genuen, eta lan osoari zentzu bat eman. Hasieran gizakia sortzen ari den kaosa entzun daiteke, eta nahikoa indartsua da sarrera. Azken abestia, berriz, lasaiagoa da, pixka bat itxaropena transmititzeko.
Hasiera eta bukaera horren tartekoa askotarikoa da. Gordina eta melodikoa, bizia eta pausatua. Erritmo aldaketa ugari dituzte kantuek. Musikalki zaila da zuen proposamena katalogatzea, ezta?
Hasieratik izan genuen gauza bat argi. Estilo jakin batera mugatu gabe, guztion askotariko eraginak diskora eraman nahi izan ditugu. Orduan, hainbat estilotako melodiak eta egiturak entzun daitezke. Nahasketa xelebre bat sortu dugu. Orduan, bada bai, katalogatzeko nahiko zailak garela esan daiteke.
Gojira, Metallica eta Latzen taldeak aipatu zenituzten eragin gisa. Ordea, ezin mugatu hiru horietara. Izan ere, heavy metala, muturreko metala eta metal modernoa uztartzen dituzue. Entzulea kokatzeko, beste talderen bat aipatuko zenuke?
Esan bezala, taldekide bakoitzaren eraginak entzun daitezke. Beraz, talde asko dira aipa daitezkeenak: Su Ta Gar, Azken Garrasia, Megadeth, Pantera, Mendeku Itxua eta beste asko. Gainera, ez bakarrik metalaren barrukoak
Bost musikarik osatzen duzue Hilbera. Bik abizen bera duzue, beraz, familia kutsuko banda dela pentsa daiteke. Zeintzuk zarete?
Bai, Itxoino anaiak (Endika eta Imanol), Mandiola anaiak (Gotzon eta neu) eta Zugadi, aukeratutako anaia.
Endikaren ahots heavya deigarria da, eta maiz talka egiten du kantuetako pasarteekin. Euskal heavyaren esentzia du, eta bereziki, Mendeku Itxuaren ahotsa ekarri dit gogora... Zer iruditzen?
Bai, nik uste dut ados egongo dela. Ahots garbia nahi genuen diskoan, baina urratuaren gordintasuna galdu gabe. Niri ahots gogorragoa gustatzen zait. Dena dela, uste dut bakoitzaren gustuak aintzat hartuta disko berezi bat sortu dugula, eta hori ere interesgarria da. Onerako ala txarrerako zerbait berria dela iruditzen zaigu.
Izen propioak aipatuta, bada beste bat nabarmentzekoa: Nerea Ibarzabal bertsolaria. Zuen herrikoa da, eta iaz Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketa irabazi zuen. Berea da Oroitzapen Ahaztuak abestiaren letra. Nola sortu zen ideia edo aukera?
Txikitatik gure birraitonak izandako gaixotasun bati buruzko istorioak entzun izan ditugu. Batzuetan pasarte gogorrak izaten zituen. Adibidez, gerrarako bere bila zetozela pentsatzen zuen, eta 90 urterekin mendian gora bere fantasiekin ihesi hasten zen. Beste batzuetan bere ematea ea sukaldean zebilen galdetzen zuen, telebista ikusten ari zela. Ordea, birramona duela urte asko zeramatzan hilda. Horrelako gauzek berari mentalki eragiten zioten talkekin harrituta geratu ginen, eta pentsatu genuen gai oso interesgarria izan zitekeela letra bat egiteko. Baina gai delikatua izanda, ganorazko letra bat egin nahi genuen. Orduan pentsatu genuen Nerea moduko bertsolari eta idazle bati, eta herriko laguna izanik, eskatzea. Berari ideia ere gustatu zitzaion.
Beste izen bat; Ekaitz Garmendia. Bere baserrian, BlackStorm estudioan grabatu zenuten diskoa. Zer nolakoa izan zen esperientzia?
Ezin hobea. Gurekin izan duen pazientzia eta erakusteko gaitasuna ezin da diruarekin ordaindu. Asko ikasi dugu berarekin, bai musikalki eta baita teknikoki ere. Eta baserrian izan genuen elkarbizitza itzela izan zen. Pertsona naturala eta miresgarria da. Esperientzia oso aberasagarria izan dugu.
Estudio batean izaten zenuten bigarren esperientzia da. Izan ere, bi abesti grabatu zenituzten 2019an Chromaticity Studios-etan. Bietan ondo ala bietako bat nahiago?
Bietan oso ondo eta oso gustura. Baina esperientzia desberdinak dira. Chromaticityn dena oso azkarra izan zen. Soinua euren esku utzi genuen, soilik jotzera eta grabatzera mugatu ginen. Blackstormen guztiz kontrakoa. Denbora asko pasa genuen soinu ona ateratzen gure musika tresnei, gero ahal den gutxien ukitzeko. Ondorioz, askoz naturalagoa izan zen prozesu guztia. Bat aukeratzekotan, ez nuke ezergatik aldatuko Blackstormeko esperientzia. Argi eta garbi.
Gustura zaudete Karrantzan lorturiko emaitzarekin?
Oso gustora. Soinu ona espero genuen, baina espero baino hobea lortu du Ekaitzek, eta dena giro oso sano eta natural batean. Oso pozik gaude emaitzarekin.
Azkenean, apirilaren 2an, diskoa zuzenean aurkeztu zenuten etxean, Markina-Xemeinen. Nolakoa izan zen?
Latza. Brutala. Ezin hobea. Herriko lagunek emandako berotasuna ezin da beste ezerrekin alderatu. Lagunak eta familiakoak lehen ilaran dena ematen ikusteak ez du preziorik. Gainera, gire lagun Egiak tekniko lanak egin zituen, eta esan digutenez soinu aldetik oso ondo egon omen zen kontzertua. Itzel pasatu genuen denok. Anker taldekoek ere oso ondo jo zuten, plazera izan zen taula beraiekin konpartitzea. Hurrengorako zerbait antolatuko dugu elkarrekin.
Aurrera begira, kontzertu berriak datoz?
Bai, ekainean Ziortza-Bolibar herran joko dugu. Momentuz ofizialki itxita daukegun kontzertu bakarra da, baina beste aukera batzuk sortzen ari dira. Data berriak sare sozialetan iragarriko ditugu.
Inaxio Esnaola Aranzadi