2024/07/02

Estudioan: Elbereth, Bourbon Kings, Nunk eta beste

Udan ez du atsedenik hartzen Euskal Herriko metalgintzak. Grabazio estudioetan ere badabiltza taldeak. Horietako batzuen informazioa bildu eta eskaini nahi dizuegu.

Legazpiko Elbereth metal banda Bergarako ESnSE Studios-etan —goiko irudian— borobiltzen ari da bosgarren diskoa. Omen izango da bere izenburua, eta orain arteko landuena dela aurreratu genezake. 

Atarrabiako Bourbon Kings nu metal taldea laugarren diskoa grabatzen ari da. Musika tresnak Madrilgo Metropol estudioetan grabatu dituzte Alex Cappa ekoizlearen gidaritzapean. Ahotsak, berriz, Iker Piedrafitarekin grabatuko dituzte El Sotano estudioan.

Gipuzkoako Nunk metalcore bandak estreinako lana grabatu du Haritz Harreguyrekin, Usurbilen duen estudioan. Masterraz, berriz, Ultramarinos estudioa arduratuko da. Udaren ondoren emango dituzte xehetasun gehiago.

Bilboko Ealain folk metal banda lan berria grabatzen ari da Asuako Chromaticity Studios-etan. Dena dela, dagoeneko aurreratu dute abesti berrietako bat: El Reino de las Sombras.

Oarsoaldeko Hostoak post metal taldea su motelean grabatzen ari da Ostera izeneko disko berria. Aurretik, eta erabat zuzenean, lan berriko abestiak bideoan grabatu zituzten Lezoko Txerrimuño baserrian. 

Estudioko lanetan dabiltzan beste banda batzuk dira Withredd bizkaitarrak —iraupen luzeko For you, for I, for nothing diskoa grabatzen ari dira—, Arima Sutan nafarrak eta Delion gasteiztarrak, besteak beste.

Hurrengo kontzertuak