Urte arraroa izaten ari da Euskal Herriko heavy metal taldeentzat. Koronabirusaren krisiak askoren erritmoa moztu edo baldintzatu dute. Kontzertuak normaltasunez emateko aukera urrun ikusten da, baina banda batzuek estudiora sartu eta kantu berriak grabatzeko aukera aprobetxatu dute.
Gasteizko The Faithless rock/metal taldeak hirugarren diskoa grabatu du Iker Bengoaren Silverstar Studios-etan, eta urte bukaera aldean argitaratzeko asmoa dute. Aurrerapen kantuaren bideoklipa grabatzen aritu dira duela gutxi. Fighting the Shadows bigarren diskoa 2018an plazaratu zuten.
Bilboko Evil Seeds heavy metal bandak iraupen luzeko bigarren lana grabatu du Chromaticity Studios-etan, Pedro J. Mongeren gidaritzapean. 2016an aurkeztu zuten From the Abyss EParekin zeresana eman zuten, eta gogotsu daude bigarren diskoa erakusteko. Udazkenerako espero da argitalpena. Aipaturiko estudio berean grabatu dituzte euren lan berriak ere Dormanth eta Incursed bizkaitarrek.
Nafarroako hiru talde ere estudioko lanetan dabiltza. Iruñeko The Broken Horizon metalcore taldea Bartzelonan ari da disko berria grabatzen, Sebastian Sendon (Currents, Bleed From Within, ...) ekoizle esanguratsuarekin. 2018an argitaratu zuten Desolation aurreko lanak harrera ona izan zuen. Iruñeko Spirikom metal bandak, berriz, bigarren lana grabatu du Alberto Porresen K estudioetan. Azkenik, Burlatako Bourbon Kings nu metal taldea Oiartzungo Mecca estudioetan ari da hirugarren diskoa grabatzen, Iker Piedrafitaren agintuetara.
Bizkaiko Knives death'n'roll taldea Karrantzako Black Storm estudioetan ari da iraupen luzeko bigarren lana grabatzen. Prozesua pixkanaka egingo dute, Ekaitz Garmendia musikari eta teknikariarekin batera. 2017koa da orain arteko beraien azken lana: Superiorem Status Spiritualitatis.
Estudioko lanetan ari diren bandez gain, lan berria plazaratuko dutenen informazioa Argitalpenak ataleko Datozenak sailean duzue.