Euskal Herriko metal lantegiak edo estudioak beti daude prest taldeen grabazioetarako. Gogoratu behar dugu lantegi horien informazio praktikoa helbide honetan topatuko duzuela.
Estudioan murgilduta dabiltzan bandei dagokienez, horietako batzuen berri eman behar dizuegu.
Zizurkilgo Meliora hard rock taldea bigarren diskoa grabatzen ari da, berriz ere, Mutrikuko AME estudioetan. Horretarako, diru bilketa bat egin dute Itsulapikoa atariaren bidez, eta ezarritako gutxieneko helburua bete dute. Orain, Axular Arizmendiren aginduetara dabiltza abesti berriak grabatzen. Gipuzkoarrek 2022ko azaroan kaleratu zuten Aethereus estreinako diskoa.
Euskal Herria eta Alemania lotzen dituen Sijjin thrash/death metal banda lan berria grabatzen hasi da Karrantzako BlackStorm estudioetan. Hau da, Ekaitz Garmendia gitarristaren etxean. Aurrerago emango dituzte xehetasun gehiago. Summerian Promises lehen diskoa 2021eko azaroan plazaratu zuten.
Eibarko Mise en Abyme prog rock/metal taldea bigarren erreferentzia izango denari forma ematen hasi da. Horretarako, Bergarako ESnSE Studios-ak aukeratu dituzte. Hirukoa berritu aurreko lehen lana izango da. Emergence estreinako EP-a 2019ko udan argitaratu zuten.
Estudioko lanetan dabiltzan beste batzuk dira Etorkizun Beltza bizkaitarrak eta Itinerum gipuzkoarrak Asuako Chromaticity Studios-etan, eta Izan Bai gipuzkoarrak Zumaiko Ozen estudioan.