Euskal heavyak ez du garai oparoena bizi. Su Ta Gar aitzindariekin batera, gaur egun gutxi dira euskarazko heavy metala jorratzen dutenak. Are gehiago, 2000ko hamarkadan sorturiko taldeen artetik soilik Etorkizun Beltza bizkaitarrek irauten dute. 2008an elkartu ziren Gernikan, eta aurretik Idi Bihotz, Latzen, Asgarth, Hira eta aipaturiko Eibarko bandak, besteak beste, harturiko bidea aukeratu zuten. Hamabi urteren ondoren ez dute etsi, eta berriki plazaratu dute Ekaitzen Osteko Sua bigarren diskoa.
Bi maketa aterata Elkar argitaletxeak aukera eman zien Elkar Estudioa Sesioak egitasmoan parte hartzeko. Euskarazko talde hasiberrien artetik hautatu zituzten, eta hori azpimarratzekoa da. Horren ondoren argitaratu zuten Esnatu Gara? estreinako diskoa, oihartzun askorik izan ez zuena. Egia esan, euskal heavyak izandako urrezko garaiak iraganean geratu dira, eta harrera hobea dute beste hizkuntza batean abesten duten heavy metal bandek. Esaterako, Bizkaian bada bat biziberritu dena.
Boskoteak, ordea, ez du amore eman. Horretarako, orain arteko lan profesionalena aurkeztu dute. Azaletik mamira nabari da argitalpena zaindu dutela. JmDesign –Daeria taldeko Joel Marco musikaria– arduratu da diseinuaz, eta emaitza txukuna da. Diskoaren grabazioa, berriz, Chromaticity Studios-etan egin dute Pedro J. Monge (Vhäldemar) musikari zein teknikariarekin. Lortu duten soinua lehenagotik merezi zutena da. Bi detaile horiek aintzat hartuta, errepertorioa erakargarriagoa da.
Zortzi kantu ditu lanak, eta horietatik bi sarrerak dira. Alemaniako heavy/power metalaren indarra sentitzen da disko osoan zehar. Bukaera iragarri ondotik, apokalipsiaren arrazoiak azaltzen dituzte Mundu Irenslea abestian. Imanol Orozko abeslari berriaren ahotsa behar bezala ezagutzeko balio dute. Estudioan lan ona egin du, eta bere kantaerak bat egiten du bizkaitarren proposamenarekin. Dena dela, aurreko abeslariarekin gertatzen zen bezala, bere ahoskera ez da ona. Euskaldun-berria da eta txalotzekoa da bere saiakera, baina ahoskera hobetu eta lantzea komeni zaio.
Gainerako abestiei dagokienez, gai sozial eta politikoak dira protagonista. Batetik, Altsasukoak Aske! oihukatu eta espetxean dauden gazteen egoera salatzen dute. Bestetik, Gernikako bonbardaketa gogora ekarri dute Apirilak 26... eta Oroimenak piezekin. Euren herrialdetik alde egin nahi duten errealitate gordina jasotzen du Ihesian kantuak, eta Hitzen Gabezia da sare sozialen menpe bizi den gizartearen ispilua. Azkenik, duela bi urte aurkeztu zuten Sasijainkoen Elikagaia singlea birgrabatu dute, eta orduan sareratu zuten bideoklip txukuna egokitu dute. Oihartzuna izatea irabazi duen disko labur eta zuzenari amaiera emateko modurik onena da.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Auto-ekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Bukaera
02. Mundu Irenslea
03. Altsasukoak Aske!
04. Ihesian
05. Apirilak 26...
06. Oroimenak
07. Hitzen Gabezia
08. Sasijainkoen Elikagaia