2025eko urriaren 18an izango da Euskal Metalheads Fest jaialdia, eta dagoeneko iragarri dute lehen taldea: Su Ta Gar. Euskarazko heavy metalaren aitzindariek Euskal Metalheads kultur elkartearen 20. urteurren festan parte hartuko dute. Gogoratu behar da jaialdia Miribillako Bilbo Arenan izango dela.
Horrela aurkeztu dute lehen baieztapena: "36 urte luze igaro dira Ondarroako Gaztetxean lehen kontzertua eman zutenetik, 1988ko abuztuaren 14an. Eibarko laukotearen ekarpenik handiena, zalantzarik gabe, euskarazko heavy metala sortzearena izan da. Aitzindariak izan ziren, eta, beraien maila musikalarekin eta letren indarrarekin batera, arrakasta izan zuten hasieratik, gaur egun arte. Guztira, 1.000 kontzertu baino gehiago eman dituzte eta estudioko hamabi lan argitaratu dituzte. Azken lana Alarma goraipatua da, 2022an argitaratu zutena. Luxuzko hamaika kanta ditu, eta hainbat estilo nahasten dituzte: heavy metal klasikoa, speed metala, thrash metala eta bestelako doinuak. Disko horren kontzertu birarekin jarraitzen du laukoteak".
Sei metalzalek 2005ean sortu zuten Euskal Metalheads komunitatea, azken bi hamarkadetan nabarmen hazi dena. Kontzertuetarako joateko autobusak eta ekitaldi txikiak antolatzeko elkartu ziren. Kamiseta esanguratsuak ere egin zituzten, eta jaialdi zein kontzertuetan ikusiko zenituzten. Komunitatea musika elkarte bihurtu zuten 2023. urte bukaeran, eta aipaturiko pauso esanguratsua emango dute.
"Jaialdi errentagarri eta autogestionatu bat izatea nahi dugu, gizartean sustatu ahal izateko heavy metal musika, euskal kultura eta euskara antzera. Hori guztia kalitatezko ekitaldi baten bidez, non bandak eta pertsonak protagonistak izango diren, agentzien eta sustatzaile pribatuen interes merkantilistatik aldenduta. Landuko ditugun beste balio batzuk dira tolerantzia, berdintasuna, zintzotasuna, elkartasuna, altruismoa eta errespetua", adierazi du elkarteak.