2021/06/23

"Ez da erraza nortasun propioa lortzea, baina argi dugu horretarako euskaraz abestu behar dugula"

Bizkaiko Incursed taldeak otsailean argitaratu zuen Baskavigin bosgarren diskoa. Hilabeteek aurrera egin ahala ez dute taula gainean behar bezala aurkezteko aukerarik izan. Horrela ere, ostiralean, hilaren 25ean, Bilboko Santana 27 aretoa bete nahi dute lan berriaren aurkezpena behar bezala ospatzeko. Gonbidatu bereziak izango dituzte. Jon Koldo Tera abeslari eta teklatu jotzailearekin hitz egin dugu.

Iritsi da Bilboko aurkezpen kontzertua. Prest zaudete?

Prest bai, baina dena ondo irteteko erantzukizuna ere badugu. Izan ere, egin dugun kontzerturik handiena izango da, zentzu guztietan: abesti zerrenda, beste musikari batzuen partehartzea, agertokiaren aurkezpena, audio eta bideo grabaketa… Ziurrenik, Santana 27 aretoa da jo dugun handienetarikoa da. Eta dena ondo irten behar da!

Emanaldi berezia izango zela iragarri zenuten, eta pixkanaka detaile batzuk eman dituzue. Izan ere, gonbidatuak izango dituzue. Zeintzuk dira?

Bai, hiru musikari eta lagun gonbidatu ditugu: Tartalo Music (Iñigo Saenz), Celtibeerian eta Moonshine Wagon taldeetako Dagda (David Sanchez), eta Drakum eta Trobar de Morte bandetako biolin jotzaile Caleb (Javi Rubio). Folk musika tresnez arduratuko dira kontzertuan. Oso berezia izango da, ziur.

Hilabete batzuk pasa dira otsailean diskoa argitaratu zenutenetik. Ordutik hona, zer nolako harrera izan du bizi dugun testuinguruak asko lagundu ez arren?

Gure musika inoiz baino gehiago hedatu dela uste dugu, egindako promozio eta lan guztiari esker. Oso harrera ona izan genuen Gasteizen egindako kontzertuan, nahiz eta herria itxita egon koronabirusaren eraginez. Urban Rock Concept aretoa betetzea lortu genuen, nahiz eta aretoak nahi baino edukiera txikiagoa izan aipaturiko arrazoiarengatik.

Euskal baleazaleek Islandian izandako abentura beltz bat du oinarri Baskavigin lanak. Noiz izan zenuten pasarte historiko honen berri?

Orain dela bost edo sei urte, euskal baleazaleak hiltzeko legea edo hutsune legala zuzendu eta hedabideetan argitaratu zenean. Oso interesgarria iruditu zitzaigun eta istorio horri buruz irakurtzen hasi ginen, nahiz eta Amalur buruan izan hurrengo diskorako. Amalur kaleratu eta gero, nahiko argi genuen zer egin eta nondik jo.

Ez da lehen aldia Islandiarekin loturiko zerbait jorratzen duzuela. Are gehiago, herrialde nordikoak oso presente izan dituzue zuen musikagintzan. Europa iparraldeko herrialde horiek erakargarria dira zuentzat?

Bai. 2014an Islandian izan ginen Narot [taldearen sortzaileetako bat, dagoeneko jarraitzen ez duena] eta biok, eta bideo batzuk grabatu genituen crowdfunding bat aurkezteko. Gogor besarkatu genituen hango ingurunea eta kultura. Beti izan ditugu oso hurbil hango taldeak eta jendea, eta modu batean haien izaera eta gurearen artean berdintasunak topatzen ditugu, Espainia hegoaldeko jendearen izaera eta gurea oso desberdina dela ikusten dugun bezala. Beti erakarri digu asko iparraldera jotzeak, eta gainera hau iparraldera egindako bidaia izanik, oso argi genuen zer egin hortik aurrera.

Agerpen txikia badu ere, euskara eta islandieraren arteko pidgin hizkuntza erabili duzue, ezta?

Oso interesgarria da pidgin hizkuntzen mundua, baina adibide gutxi ditugu gure eskura eta oso zaila zen agerpen hori luzatzea, akatsik egin barik. Asko gustatzen zaizkigu hizkuntzak, baina zoritxarrez ez gara horretan irakasle ezta adituak. Beraz, begirunez egiten saiatu gara, pauso txikiak emanez.

Lanaren azal eta diseinu ikusgarriak Baskavigin abentura beltzarekin du lotura. Adolfo Warbanner arduratu da horretaz. Izenburu bereko kantuaz gain, bada beste abestirik kontzeptuarekin loturikoa? Izan ere, ez da disko kontzeptuala.

Kantu guztiak ez dira kontzeptu beraren baitakoak. Euskal mitologiako elementu batzuk agertzen dira: jentilak, Mateo Txistu… Nao Victoria itsasontzia ere agertzen da, munduari buelta eman zion lehenengoa, Ondarroan jartzen du historiak bere jatorria.

Urtetan landu eta findu duzuen folk metala islatu duzue diskoan. Muturrekoak zein melodikoak diren eraginen nahasketa egin duzue. Zuen ustez, orain arteko disko landuena da?

Bai, zalantza barik. Landuena, eta behar bezala lantzeko aukera izan duguna da. Egonkortasunak garrantzia esanguratsua izan du, eta lasaitasun erlatiboaz aurrera eramateko aukera izan dugu. Prozesuak beti hobetu daitezke, baina Baskavigin izan da prozesu horiek era egokienean eraman dituena. Etorkizunean, disko berririk egotekotan, hau oraindik gehiago hobetzen saiatuko gara.

Musikaren arloan ere, berdin gertatu da. Denborarekin eta egonkortasunarekin, onena ematen saiatu gara musikalki lan borobila egiteko. Hurbildu garela uste dugu, lau hilabete eta erdi beranduago ez genukeelako aldaketa askorik egingo diskoan.

Abesti epikoak lehenetsi badituzue ere, bihurriak zein festa girokoak badaude. Hori bai, modu orekatuan. Europako folk metalaren joerak ezagututa, zuen proposamen propioa zehazteko pauso esanguratsuena eman duzuela uste duzue?

Ez da erraza nortasun propioa lortzea, baina argi dugu horretarako euskaraz abestu behar dugula. Ingelesez kantatzen duten milaka talde ditugu jada, baina ulertzen dugu mundura zabaltzeko, ingelesa dela hizkuntzarik indartsuena. Bien arteko oreka lortzea ez dugu txarto ikusten. Izan ere, betidanik hitz egin dugu ingelesez, euskaraz bezala. Etorkizunerako hitzaldi gai on bat da! (barreak)

Baskavigin diskoa da egungo boskotearekin grabatzen duzuen lehena. Hau da, Jones gitarraren eta Haitz baxuaren estreinaldia. Troll kuadrilla aproposena topatu duzue?

Oso giro ona dugu taldean. Jonesek eta Haitzek harrera ona izan dute taldean. Urteak dira ezagutzen garela. Musikalki mugimendu nahiko harmonikoa dugu gure artean, eta horrek asko erraztu du dena. Eta, zergatik ez esan, umore oso antzekokoak gara ere!

Kuadrilla euskalduna ere bada. Aipatzekoa da, azken lana dela euskarazko kantu gehien dituena. Kasualitatea?

Denok asko begiratzen diogu nazioarteko musikari, baina musika euskaldunean badugu gure jakituria ere. Talde askorekin hazi gara, eta gaztaroan zehar bidaiatu ere. Sorotan Bele, Oskorri, Su ta Gar, Latzen, Aiumeen Basoa, Numen… ah! Eta “Euskaraokea” ere denok ikusi dugula zin egingo nuke! (barreak)

Trolla ez, aztia da diskoaren grabazioaz arduratu dena. Chromaticity Studios-etan egin duzue berriz ere, eta orain arteko ekoizpen onena lortu duzue. Ados zaudete?

Antzeko gauza gertatu zaigu Pedrorekin. Gero eta gehiago ezagutzen gaitu, eta berarekin lan egiteko denbora gehiago eta estuagoa izan dugu. Ekoizpen horren zabala izanik, horrenbeste elementurekin, soinu garbia nahi genuen, osagai bakoitza neurri zehatzean gehituz. Horrela, soinu orekatua eta indartsua lortu dugu.

Musika tresna guztiak bere lekuan daude, eta ahotsaren ekoizpena ere nabarmentzekoa da. Gainera, abeslari gisa badirudi hobetzeko beste ahalegin bat egin duzula. Baliteke?

Ahotsei dagokienez, gero eta esperientzia gehiago hartzen ari gara urteekin. Ahotsa hobeto erabiltzen ikasten, pixkanaka. Zuzenean hiru abeslarion artean lortutako kimika aplikatzen saiatu gara. Batez ere, estribilloei dagokienez. Gure nortasunaren beste zati bat oinarri horretan eraikitzen ahalegindu gara.

Autoekoizpenaren bidetik jarraitzen duzue, eta aurreko diskoaren antzera crowdfunding edo finantziazio kolektiboari esker argitaratu zenuten. Formula errentagarri eta egokiena da?

Gure kasuan, baietz ematen du. Ez genuke disko bakoitzeko crowdfunding bat egin behar, egin beharreko lana bikoizten duelako. Baina musika industriaren gaur egungo testuinguruak horretara garamatza. Agian Europako beste estatu batekoak bagina, gauza desberdina litzateke.

Ez duzue aukera askorik izan Baskavigin zuzenean behar bezala aurkezteko.

Kontzertu bakarra egin dugu, Gasteizen. Ostiral honetan, ordea, Bilbon joko dugu. Ezin izan ditugu beste talde batzuk gonbidatu, adibidez, eta horrek sarrerak guri bakarrik saltzera behartzen gaitu. Ekonomikoki, ez da modurik errazena, baina egia da biziraun nahi izan duten aretoek erraztasunak eman dituztela, eta horrek bideratu du gurea bezalako kontzertuak ospatu ahal izatea. Erakunde publikoak, ostera, beraien betiko jokora jolasten jarraitzen dute.

Bilboko aurkezpen kontzertuaren ondoren, baduzue besterik aipatzeko modukoa?

Algarroba Rock (Malaga) eta Metaldays (Eslovenia) jaialdietan ariko gara. Beste batzuk ere badira posible, baina oraindik hitz egiten ari gara. 2021a eta 2022a urte latzak izango dira data berriak iragartzeko. Horrela ere, saiatuko gara kontzertuak lotzen, eta ea antolatzaileek aukerak ematen dizkiguten. Lehenik eta behin, ondo legoke penintsulan diskoa aurkeztea kontzertu batzuekin. Hortik aurrera, ongietorria egingo diogu datorrenari.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak