2021/07/19

"Ez diogu mugarik jarriko sortutakoari, taldearen sena mantentzen badu eta gure gustukoa den bitartean"

Korapiloa pixkanaka askatzen ari da, eta taldeek aukera izango dute sormena behar bezala taularatzeko. Knives boskote bizkaitarra bi aldiz igo da agertokira Collapse lan berria aurkezteko. Otsailean argitaratu zuten, baina utzitako oihartzuna zein arrastoa presente dago. Azaleko pertsona makur hori oraindik ere atzetik dugula sentitzen dugu. Babes eske, Asier Bilbao bateria jotzailearekin elkartu gara.

Nolakoa izan da kolapsoa pandemia honetan kaleratzea?

Collapse diskoa aurrera ateratzea gure burugogortasunaren ondorioa izan da. 2020ko martxorako geneukan diskoa grabatzeko asmoa eta itxialdiak gure hasierako planak atzeratu zituen. Uztailean, egoera hobetu eta Ekaitz Garmendiak Karrantzan duen BlackStorm estudioan grabatu, nahastu eta masterizatu genuen. Behin diskoa bukatuta, zenbait diskoetxetara bidali genuen masterra. Ez genuen erantzun askorik jaso, eta horien artean ez guk nahi genituenak, eta berriro ere gure lana autoekoizteko erabakia hartu genuen.

Peter abeslariarekin plazaratu duzuen aurreneko diskoa da. Knives biziberritu duela uste duzue?

Ez nuke horrenbeste esango, baina egia da abeslari berria izateak erronka berria zekarrela. Zuzenekoetan aurreko diskoetako ahotsak errepikatu behar zituen, nolabait, eta grabazio honetan bere estilo propioa ezartzeko aukera izan du. Gainera, esango nuke lanari lotura oso bat ematen diotela ahotsek. Peterrek diskoan egindako lana azpimarratu nahiko nuke, asko gustatu zaigu lortutako emaitza.

Zarata zaleen artean nolako harrera izan du diskoak?

Jasotakoaren arabera, gehiengoari asko gustatu zaio. Hedabideetako kritikak ere onak izan dira, beraz, gu pozik.

Diskoaren azalari erreparatuta, norbait edo zerbait gure gainetik dagoela dirudi. Horrela sentitzen zarete?

Normalean entzuleek gure azaletako irudiak edo abestien letrak libreki interpretatzea nahi izaten dugu, esanahia ezberdinak izan ditzaketelako. Kasu honetan ere horrela da. Baina badago bai, gure gainetik kontrola eragiten dutenaren sentsazio hori, egunerokotasunaren hariak mugitzen dituen indar edo botere ezkutua, konturatu ez arren, gure mugimenduak kontrolatzen dituena. Zer erosi eta kontsumitzen dugun baldintzatzen duena, gure harremanak norekin eta nola izan behar ditugun erabakitzen duena, gizatasunetik aldentzen gaituena, gailu eta aplikazio inpertsonalak erabilita. Mundu modernoaren eta aurrerapenaren izenean harreman sozialen kalitatea gutxitu egin da, nahiz eta inoiz baino gehiago elkarrekin harremanetan gauden gure ingurukoekin, familiarekin, lagunekin eta lankideekin.

Musikan ez zarete hasiberriak: Darkness By Oath, Odd Heathenish, The Descent eta Black Ocean Witness gisako taldeak dituzue bizkar gainean. Zergatik erabaki zenuten crust punk, death metal eta rock doinuak uztartzea abentura berri honetan?

Egia esan, hasierako asmoa ez zen mota honetako musika sortzea. Endikak hasi zuen Knives Gorkarekin batera eta jarraian Ina, ni eta ondoren Ander batu ginen. Lehen asmoa kutsu rockeroagoa izango zuen zeozer sortzea zen, baina ezin diezaiokegu uko egin gure iraganari eta musikalki ditugun eraginei. Diskoak grabatu ahala, estiloa fintzen edo zehazten joan garela esango nuke, nahiz eta ez garen oso homogeneoak, nolabait esateko. Crossover bitxi bat egiten dugu gustatzen zaizkigun estiloak batuz.

Etiketa zehatzik ez duzue, egia esan. Muturreko doinu gordin eta zikin asko nahasten dituzue, eta horien koktel moduko bat da Collapse diskoa. Sormenean aipaturiko estilo jakin batek pisu gehiago hartu du azken urtetan?

Izan liteke hurrengo lanetan alde rockeroa gailentzea edo death metalak eta crust-ak indar gehiago hartzea, edo Collapse lanean egin dugun bezala, black metal ukituak erabiltzea edo areagotzea. Ez diogu mugarik jarriko sortutakoari, taldearen sena mantentzen badu eta gure gustukoa den bitartean.

Zazpi kantu ditu diskoak, eta ziztu batean pasatzen da. Aurrekoa baino zuzenagoa da, eta era berean freskoagoa iruditzen zait. Ados zaude?

Bai, bat nator. Collapse lanaren aurretik egin ez ditugun gauzak sartzeko aukera izan dugu. Abestiak ere pixka bat gehiago landu ditugu aurrekoekin konparatuta, eta suposatzen dut horrek ere azken emaitzan eragina izan duela.

Soinu ekoizpenari dagokionez, Ekaitz Garmendia erraldoiarekin grabatu duzue lana bere etxeko BlackStorm estudioan. Nolakoa izan zen esperientzia?

Oso esperientzia ona izan da. Aurreko EPa ere Ekaitzekin egin genuen eta gustura geratu ginen. Oso erraza da berarekin lan egitea. Bera musikari aparta izanda, exijentzia puntua ere handitu egin du grabaketa honetan, eta emaitzetan islatzen dela uste dut. Estudioaren kokapenak ere lanean buru-belarri egoteko eta arretarik ez galtzeko aukera eman digu. Barreak egiteko eta lasai egoteko uneak ere izan ditugu, beraz, ezin hobeto ibili garela esango nuke.

Distortsioaren zale askok jo dute Garmendiarengana, eta musikari aparta ez ezik, soinu teknikari ona dela ere erakutsi du. Zentzu horretan hazi egin da, eta bere etxetik pasa diren taldeek erakusten dute zer nolako emaitza bilatu duzuen. Adibidez, Hilotz eta Crucifucked. Zuen kasuan, zergatik erabaki zenuten berarekin grabatzea?

Argi izan genuen aurreko lana grabatu ondoren, hurrengoa ere berarekin egingo genuela. Gainera, zuzeneko askotan gure teknikaria izan da eta horrek harremana estutzeaz gain, taldearen gorabeherak ezagutzeko aukera eman diola esango nuke. Guk ere argiago izan ditugu ideiak oraingoan eta berak ulertzeko ere errazagoa izan da. Musikari dagokionez ere, bere ekarpenak egin ditu eta grabazio prozesuan erabat murgildu da, ez soilik arlo teknikoan, baizik eta orokorrean.

Pandemiak dena jarri du hankaz gora, baita ere musika talde askoren errealitatea. Nola eragin dizue?

Beste taldeei gertatu bezala, pandemia egoerak gure egunerokotasuna astindu du, eta ez da erraza izan entseguak egiteko elkarrekin geratzea. Gainera ez gara guztiak Bizkaian bizi, entsegu lokalera joateko ere mugakideak ez diren herrietan bizi gara batzuk; beraz, nahiko zaila izan da normaltasunean aritzea. Zorionez, 2020ko martxoan grabatzeko asmoa genuenez lan handia geneukan aurreratuta. Grabaketari dagokionez, bakoitzak etxean ahal zuen moduan entseatu, eta aukera zegoenean ahalik eta taldekide gehien batzen ginen.

Kostata bada ere, zuzenekoak emateko aukera izan duzue osasun neurriek ezarritako baldintzak betez. Orain arteko esperientzia nolakoa izan da?

Bi kontzertu emateko aukera izan dugu, martxoaren 13an Gernikako Astran, Lekuek festibalaren barruan, eta ekainaren 19an bestea, Eibarko gaztetxean. Nahiz eta egoera naturala ez izan, kontzertu biak gozatu genituen eta ikusi genuenagatik, ikuslegoa ere gustura geratu zen.

Pandemia aurreko kontzertuak faltan dituzue aktore eta ikusle gisa?

Erabat. Urtean zehar kontzertu askotara joaten gara eta asko sumatzen da aurreko egoerako formatuan kontzertuez gozatzeko aukerarik ez izatea, bakoitzak nahi duen eran: bai aurreko ilaran bultzaka edo garrasika, zein lasaiago atzealdean eta eskuan garagardo bat daukagula. Kontzertuak ematerakoan ere berdintsu, arraro samarra da jendea eserita ikusita kontzertu bat ematea, kontutan izanda egoera normalean eman ditugunetan jendeak oso jarrera aktiboa izan duela, dantzatu, oihukatu edo dena delakoa eginez. Halere, egoera honetan kontzertuak eta kultura ekitaldiak antolatu dituztenentzat gure eskerrik handiena eman nahi diegu, hartu duten lanagatik eta egindakoa bai musikariak zein ikusleak era seguruan izatea posible egiteagatik. Bueltatuko gara pandemia aurreko egoerara eta berriro ere jo ta su ibiliko gara oholtza gainean zein behean.

Aurrera begira jartzeak merezi duelakoan, Collapse zutik dagoen ikus-entzule multzoaren aurrean aurkezteko aukera ikusten duzue?

Baiezkoan gaude. Udazken-negu aldera gero eta pertsona gehiago egongo gara txertatuta eta horrek kultur eta musika ekitaldien edukierak handitzeko aukera emango duela uste dut. 2021eko negurako jada ikusi ditugu atzerriko taldeen kontzertuak iragarrita, eta 2022ko kontzertu eta udako jaialdiak ere martxan daude. Itxaropena daukagu urte honen bukaeran eta datorrenaren hasieran kontzertuak emateko aukera izatea.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak