Talde asko irentsi ditu osasun krisiak, gehiegi. Biziraun dutenek aurrera jarraitzeko arrazoi gehiago zituztelako izan da. Lizarrako Irkaia bandak bigarren diskoa grabatu aurrez jaso zuen konfinamenduaren danbatekoa. Grabazioa bukatu ezinda gatibu sentitu ziren, eta lokalean elkartzeko aukerarik gabe. Hilabete zailak izanik ere, amorruz egin zuten aurrera, eta bizirik daudela kantatu dezakete agertoki gainetik. Nafarrekin hitz egin dugu lan berriaz, iragan zailaz eta etorkizun hurbilaz.
Uztailean askatu zenuten Ideiekin Liskarretan bigarren diskoa. Askatu diogu pandemiak nabarmen atzeratu duelako bere prozesua. Atzera begira jarrita, zer gertatu zen iazko martxoan?
2020eko urtarrilean sartu ginen estudioan diskoa grabatzera, eta martxoan, hau guztia hasi zenean, bi edo hiru egun geratzen zitzaizkigun abestien ahotsekin bukatzeko. Egun batetik bestera, bertan behera utzi behar izan genuen grabazioa. Konfinamendua bukatzerakoan, berriro estudiora bueltatu ginen, gutxienez, diskoa bukatzera.
Aitortu duzuenez, taldearen une zailenak bizi izan zenituzten. Zergatik?
Gure ideia diskoa iazko apirilean kaleratzea zen, eta udan zehar kontzertu bira txiki bat antolatua geneukan. Honekin guztiarekin disko bat kaleratzea suposatzen dituen diru inbertsioa berreskuratzea zen gure helburua. Noski, kontzertu eta jaialdi guztiak bertan behera geratu ziren, eta talde gisa momentu larri batean ikusi genuen geure burua: diskoa grabatua, kontzerturik gabe eta gure lana kaleratzeko baliabiderik gabe. Taldea hiato moduko batean sartu zen. Entseguak alde batera utzi, eta oso noizean behin elkartzen ginen gure artean lokalean. Urte gogorra izan zen Irkaiarentzat.
Une zailari aurre egin eta maiatzean crowdfunding kanpaina bat abiatu zenuten. Zerk bultzatuta lortu zenuten diskoarekin aurrera egitea?
Esan bezala, konfinamendua bukatzerakoan, diskoaren grabaketarekin amaitu genuen, baina etorkizunari ez genion itxaropenarekin begiratzen. Aipaturiko taldearen etena sei edo zazpi hilabetekoa izan zen. Denbora horretan, Aitor Sarria gure teknikaria diskoaren nahasketetan aritu zen, eta horrek, abestiei itxura berri bat eman zien. Ezin genuen diskoa ezkutuan utzi. Egia esan, pandemia ongi etorri zaio lanari. Berriz elkartu eta kaleratzeko moduak pentsatu genituen, eta crowdfunding-aren alde egitea erabaki genuen.
Zaleek zuen musika babestu dute, eta horri esker kaleratu zenuten diskoa. Pozik jasotako babes horrekin?
Noski! Crowdfunding-aren lehen astea ikaragarria izan zen. Ez genuen espero jendeak horrela erantzutea. Kanpainak zituen 40 egunak ez genituen behar izan gutxienekora iristeko. Benetan oso eskertuak gaude.
Mamian sakonduz, metalcore eta elektronika doinuen arteko nahasketa indartu duzue (electronicore gisa ere ezagutzen da). Osagai horiek dira Irkaiaren proposamenaren isla?
Musikalki baietz esan genezake. Taldea sortu zenetik hori izan zen gure helburua. Hala ere, askok dakizuen bezala, Irkaia zuzeneko taldea gara, eta hori ere sartu genezake gure proposamenen artean.
Bi ahotsen arteko jokoa, sintetizadoreen erabilera eta egitura bihurriak presente daude zuen kantuetan. Formula horrekin gustura zaudete?
Lehenik eta behin esan behar da Ideiekin Liskarretan diskoa 2018an hasi zela forma hartzen, abestien konposaketarekin eta lehen ideiekin. Prozesu oso luzea izan da. Udan kaleratu genuen, baina guk hiru urte baino gehiago generamatzan abestiei bueltak ematen. Momentuz formula honekin gustura gaudela esan genezake, baina ez dakigu etorkizunak zer ekarriko duen.
Buitraker, Ekon eta gisa bereko taldeak gogora ekartzen ditu zuen proposamenak. Aitortu zuen eraginak. Zeintzuk dira?
Bistan denez, aipatutako taldeek eragin zuzena dute gure musikan. Elektronikaren erabilerarekin, batez ere. Dena dela, beste talderen bat aipatu beharko bagenu, While She Sleeps izango litzateke. Musika ez ezik, beraien Do It Yourself filosofia ere pixka bat gureganatu dugu.
Lehen diskoarekin alderatuta, zein aurrerapauso eman duzuela uste duzue?
Gitarren riffak eta punteatzeak askoz landuagoak daude. Baita ahotsen melodiak ere. Azkenean, denbora asko izan dugu abestiekin lan egiteko. Noski, berriz ere, Aitor Sarriaren eskua nabari da. Berari esker, taldearen soinua guztiz biribila da.
Non grabatu zenuten lana, eta nolakoa izan zen prozesua?
Lehenengo diskoa gure lokalean grabatu genuen. Nahiko gustura geratu ginen emaitzarekin, eta Aitorrekin hitz egin ondoren, bide berbera jarraitzea erabaki genuen bigarren diskoarekin. Baina aldaketa txiki batzuekin. Bateriak Iman estudioetan grabatu genituen, Oteitzan, eta ekoizpen berezia izan zen. Alde batetik, kutxa eta tinbalak grabatu genituen, eta bestetik platerak. Beraz, gure bateriak bi aldiz grabatu zituen abestiak. Baxua eta gitarrak, berriz, Aitorren etxean grabatu genituen, bere materiala erabiliz, lehenengo lanarekin egin antzera. Azkenik, ahotsak Arellanoko Lur soinu sistemak estudioetan erregistratu genituen. Hantxe harrapatu gintuen pandemiak.
Diseinuari ere garrantzia berezia ematen diozue, eta animazio bidezko bideoak aurkeztu dituzue. Irudia beste osagai garrantzitsu bat da zuentzat?
Bai, taldeari beste ikuspegi bat eman dio, eta guri aurrera jarraitzeko motibazio gehiago. Arlo honetan ere laguntza asko izan dugu. Diskoaren diseinua, merchandising-a eta animaziozko bideoklipak Jon Munarrizek landu ditu. Urte asko daramatzagu bere ondoan lanean, eta oso pozik gaude berarekin. Bigarren singlea plazaratzeko Iñaki Elkanorekin hitz egin genuen. Sekulako emaitza atera zuen zituen baliabideak aintzat hartuta. Gainera, zuzenekoetan Adrian Belzunegik egiten dizkigu argiak. Sekulako profesionala da. Ez dugu zalantzarik urrun iritsiko dela argi teknikari gisa.
Uztailetik pasa dira hilabete batzuk. Zer nolako harrera izan du diskoak?
Oso feedback ona izan dugu. Jendeak dio lehen diskoarekin konparatuta alde ikaragarria nabaritu duela, eta bide onetik goazela ematen du.
Iaz kontzertu batzuk zenituzten lotuta kantu berriak aurkezteko, eta horiek ere bertan behera geratu ziren. Aurten aukera izan duzue taula gainera itzultzeko. Totem aretoan izan zineten irailaren 24an Smog taldearekin batera. Zer moduz joan zen kontzertua?
Sekulakoa izan zen. Gainera, gure anaiak diren Smog taldearekin batera aritu ginen. Dena primeran atera zen. Uste dugu jendeak primeran pasa zuela. Pena bakarra, astebetez bakarrik ezin izan genuela kontzertua zutik egin. [Astebetera Nafarroako gobernuak larrialdi egoera bertan behera utzi zuen].
Aurrera begira, kontzertu gehiago dituzue lotuta?
Urriaren 16ean Barañainen ariko gara, kultur etxeko plazan, 19:00etan. Uda hasieran lotutako kontzertua da, baina orain murrizketak lasaiagoak direla eta, espero dugu zerbait gehiago ateratzea.
Inaxio Esnaola Aranzadi