Bizkaiko Ferosz thrash/death metal taldea bueltan da. 2021ean behin-behineko etena iragarri zuten, eta 2024an itzuliko dira zuzenekoetara. 2023. urte hasieran elkartu ziren berriz ere entsegu lokalean, eta aldaketak aldaketa aurrera egitea erabaki dute.
Hain zuzen ere, laukotea berrosatu dute musikari hauekin: Gaston Horacio Reto (bateria), Jorge Lobo Perea (baxua), Ioritz Rosa (gitarra) eta Andoni Araujo (gitarra). Araujo bera da kide berria, eta Roberto Fitti Rojo abeslariak denbora da taldea utzi zuela.
2024ko urtarrilaren 19an bueltatuko dira taula gainera, lau urtez kontzerturik eman gabe egon ondoren. Portugaleteko Groove aretoan izango da.
Ferosz banda 2014an sortu zen, eta ordutik bi lan labur eta iraupen luzeko disko bat kaleratu dituzte: Ferosz (EP, 2014), Lost Faith (CD, 2015) eta Blasphemer (EP, 2019). Bigarren disko bat grabatzeko eta plazaratzeko asmoa dute.