Gabezia - Hazi

Hiletak egiteko hainbat modu daude. Goibelak edo alaiak izan daitezke, herrialde bakoitzaren kulturaren arabera. Musikagintzarekin antzera gertatzen da. Talde baten agurra ez da ona, baina banandu aurretik azken ekarpena argitaratzen badu poztekoa da. Lasarte-Oriako Gabezia bandak bi urtez gordea izan duen Hazi bigarren eta azken diskoa argitaratu du. Isiltasun aro luze baten ostean, iraila hasieran adierazi zuten banandu egingo zirela. Ezustekoa izan da, neurri batean. Gogotsu zeuden laukotea berrosatuta aurrera egitea erabaki zutenean. Dena dela, bost urte beteko dira laster hiru abestiko Orain lan laburra aurkeztu zutenetik. Denbora asko da, gehiegi. 

Zazpi urteko ibilbidea beteta itxi dute zikloa, eta ez du atzera bueltarik. Bilanx estreinakoa euskarazko metal alternatiboak azken urtetan eman duen interesgarriena dela esan genuen. Maketatik lehen disko hartara emandako jauzia ikaragarria izan zen. Zuzeneko esanguratsuekin hazkunde nabaria izan zuten musikariek, eta baita sormen lanak ere. Kanpotik ikusita hazten eta ikasten ari zen taldea zirudien. Iragana da hori, dagoeneko. Eten da gipuzkoarren gorakada, eta egindako ekarpena espero baino laburragoa da.

Zorionez ez dute kutxa batean gordeta utzi, eta bigarren diskoa eskura jarri dute. Hain zuzen ere, laukotearen une bizi zein gorena erakusten du Hazi lanak. Momentu bateko argazki bat, indarrak eta ilusioak gainezka egiten duena. Zortzi kantuak agur esateko aproposak dira, eta era berean, mingarriak. Hauek dira talde honek sortu eta partekatu dituen azkenak. Beraz, dagoenarekin konformatu behar. "Bizitza bat, aukera bat, erabaki bat: Gabezia!", horrela dio Dagokidan tokia lehendabiziko abestiak. Esanguratsua da mezua, eta tristea da konturatzea garai batean zuen zentzua galdu duela. Betiko piezak, berriz, ondokoa dio: "Hauxe da, idatzi nahi izan nuen abestia, bihotza, buruaren aurretik jarri zuena. Zirrara adierazten ez den bakoitzean hil egiten da". Piztia eta Gure garaia –bideoklip eta guzti– autobiografikoek ere transmititzen dutena iraganean pausatu da. Aldiz, Taiki Tupa Tuke da adierazgarriena.

Trabak gainditzen asmatu dutenean bidea egin duten bezala, iritsi da bukaera. Herriko Burdina webgunera iristen diren diskoek iruzkina merezi dute -ez dira apalean gordetzeko, soilik–, eta lan honi buruz idazteak sentsazio gazi-gozoa eragin du. Eskertzekoa da David, Guillermo (biak), Aimar eta Julen musikariek urtetan egindako ahalegina. Aldaketekin mantendu dute koherentzia, eta horrela gertatu behar zelako eten da Euskal Herriak eman duen metal banda interesgarrienetako baten bizitza. 

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Dagokidan Tokia
02. Shiganshina
03. Betiko
04. Piztia
05. Taiki Tupa Tuke
06. Gure Garaia
07. Uhinak
08. Alepo

Hurrengo kontzertuak