2019/09/08

Gabezia taldeak desegitea erabaki du

Lasarte-Oriako Gabezia metal bandak bere ibilbidea etetea erabaki du. Dena dela, urriaren 13an Hazi bigarren eta azken diskoa argitaratuko dute. 2015 eta 2017 artean konposatu zuten, eta grabaketak Mutrikuko Ame Estudioan egin zituzten Axular Arizmendiren gidaritzapean. Nahasketa eta masterizazioa, berriz, Alex Cappa eta Pablo Rousselon teknikariek egin zuten Madrilgo The Metal Factory Studios-etan. 

Diskoaren azalaz zein diseinuaz Aimar taldekidea arduratu da, eta jarrain ikus dezakezue abesti zerrendarekin batera. 

01. Dagokidan Tokia
02. Shiganshina
03. Betiko
04. Piztia
05. Taiki Tupa Tuke
06. Gure Garaia
07. Uhinak
08. Alepo

Diskoari hasiera ematen dion abestia aurreratu dute. 

Komunikatu bat zabaldu dute sare sozialen bidez arrazoiak azaltzeko.

Hona hemen taldearen oharra:

"IRAGANA

2017 iskanbila

Urte honetan orduak eta orduak eman genituen lokalean, gure azken diska konposatzen eta grabatzen, arreta handiz landu genituen xehetasunik txikienak ere. Harrotasunez esan dezakegu egin dugun diskarik hoberena dela

3 aldiz bidaiatu genuen Madrilera, diru eta denbora pila bat eman genuen grabaketa, nahasketa, eta mastering-a estatuko hoberenekin egiteko, lan berriaren aurkezpena izango zen bideoklipa ere grabatu genuen.

Aldi berean Davidek azaroan aita izango zela jakinarazi zigun eta bere familia egoera orekatu arte taldeak gelditu behar zuela erabaki genuen, aldaketa handia zetorren eta ez genekien oso ondo zer gertatuko zen.

Horiek horrela, XIXILI FEST kontzertua antolatu genuen irailaren 29an, bizi izan ditugun kontzerturik berezi eta hunkigarrienetarikoa izan zen.

2018 itxaropena

Apirilean berriro bildu ginen Gabeziaren aro berriari aurre egiteko, ilusio handia genuen eta lan egiteko gogoak han jarraitzen zuen. Dena den, ez zen erraza izan, taldea berriro 0tik hastea bezala zen.

Ordutegi eta konpromezu arazoak direla eta ezin izan genuen taldearen goi-mailako estandarra mantendu... Gabezia bezalako talde bat aurrera eramateak erabateko arduraldia eskatzen du eta ez genuen gure itzuleraren berri eman nahi erabat ziur egon arte.

Urte bat igaro genuen taldearen makineria mugitzen saiatuz, baina oztopoak agertzen ziren astero, eta ezin izan genuen lehen bezela lan egin.

2019 onarpena

Apirilean Guillermok (bajista) taldea uztea erabaki zuen, arrazoi pertsonalak direla eta, ustekabeko honek behingoz mugitzeko eta erabakiak hartzeko balio izan zigun.

Guillermo funtsezkoa izan da taldea 2012 urtean sortu genuenetik, Guitar Hero-an jolasten eta rock izarrak izatearekin amesten hasi ginenetik, Guillermo gabe ez dugu Gabezia ikusten.

ORAINA

Sizis, Aimar eta David astero biltzen ari gara gure azkenengo diska kaleratzeko. Gure lagunei, gurekin lan egin duten profesionalei eta gure buruari zor diogula uste dugu. Zuek entzuteko irrikitan gaude eta ziur gaude gu bezainbeste gozatuko duzuela.

Aurten aterako da diska, hurrengo asteetan emango dizkizuegu xehetasun guztiak. Ez dugu aurkezpen birarik egingo, baina sorpresa ugari prestatu ditugu.

ETORKIZUNA

Gabezia taldean oso zorrotzak gara gure buruarekin, gauzak erdipurdi egiteko, nahiagu dugu ez egin, horregatik proiektua ixtea erabaki dugu. Guretzat Gabezia beti izan da musika baino gehiago, gure azalean tatuatua edukiko dugu bizitza osoan zehar.

Joan baino lehen opari handi bat utziko dizuegu, gure diskarik hoberena.

Pertsona normalak gara baina sortu genuena apartekoa izan zen.

Betiko".

Hurrengo kontzertuak