2024/05/27

Gipuzkoako metalgintza inoiz baino biziago dago?

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiegu El Diario Vasco egunkariari eta Jorge F. Mendiola kazetariari Gipuzkoako heavy metalari buruzko erreportaje bat argitaratzeagatik. Batez ere, Herriko Burdina kontuan ez hartzeagatik, nahiz eta gure webgunea Donostian sortu 2002ko azaroan. Hau da, Gipuzkoako metalgintzak azken 23 urteotan izandako bilakaera aurrez aurre ikusi eta bizi ahal izan dugu. Bestalde, xelebrea iruditu zaigu zeini eman dioten zilegitasuna Gipuzkoako heavy metalaren osasunaz iritzia emateko...

El metal en Gipuzkoa, «más vivo que nunca» titular kategorikoa du aipaturiko artikuluak. Sarrerak, berriz, honela dio: "Con un sinfín de conciertos en bares y gaztetxes, un centenar de grupos alimenta la llama de un género que aspira a conquistar a las nuevas generaciones". Ordea, Gipuzkoako metalgintza inoiz baino biziago dago? Galdera horri erantzutea erabaki dugu, erreportajean lekurik egin ez digutelako. Nahita? Bigarren galdera honi erantzutea zailagoa iruditzen zaigu.

Bi orrialdeko artikulu batek ez du askorako ematen, badakigu, baina Gipuzkoako metalgintzaren egungo osasuna erakustea bada erreportajearen helburua, kazetaria erdibidean geratu dela uste dugu. Batetik, ez duelako Euskal Herriko heavy metalaren historia ezagutzen —nahiz eta uste dugun Gure aitzindariak/Pioneros artikulua irakurri duela—, eta, bestetik, erabilitako testigantza batzuk ez direlako aproposenak Gipuzkoako heavy metalaren errealitatea erakusteko. Historiari dagokionez, esanguratsua da kazetariak Lasarte-Oriako Ángeles del Infierno aitzindariak ez aipatzea. Gipuzkoako, Euskal Herriko eta estatu mailako lehen heavy metal bandetako bat da. Beraz, hasieratik huts egiten du.

Horrez gain, ohiko beste akats bat du erreportajeak: Gipuzkoari buruz ari da, Donostialdera mugatuta. Beste herri batzuk azaletik aipatuta, ez du jasotzen probintziako —kostaldeko zein barnealdeko— metalzale fidelenak non dauden: Debagoiena, Debabarrena, Goierri eta Urola.

Datuei dagokienez, gure datu basean Gipuzkoako 82 talde ditugu zerrendatuta. Baliteke baten bat deseginda egotea, eta beste batzuk faltatzea. Nolanahi ere, ez dira 100 inguru. Aipaturiko 82 horietatik 34 bandek abesten dute euskaraz edo euskarazko abestiak dituzte euren errepertorioan. Beraz, ez dira gehiengoa, tamalez. Gure ustez, datu hauek errealitatetik gertuago daude.

Gainerakoan, ez dugu esango kazetariak hautaturiko eta nabarmenduriko taldeak aproposenak diren ala ez. Dena dela, egokiagoa iruditzen zaigu zeresana eman duten eta ematen ari diren Gipuzkoako hamar edo hamabost banda zerrendatzea —behar bezala kontrastatuta— irakurleari erreferentzia interesgarri batzuk emateko.

Hurrengo kontzertuak