Governors - Z.E.R.O.

Durangoko Azokaren lehendabiziko egunean, lehen kontzertu ofiziala eskaintzea baino aukera hoberik ba ote da? Plateruena hankaz gora jarri zuen iragan abenduan Governors taldeak emanaldi berezia eskaini eta kantu berriak aurkezteko. Z.E.R.O. da gipuzkoarren estudioko bosgarren diskoa. Gitarra jotzaile berriekin –Ander Zubillaga eta Aitor Losada–, hasierako arima eta oreka berreskuratu nahi izan du Juan Sangre abeslari eta gidariak. Hau da, rock alternatibo indartsua metal eta pop zertzelada neurtuekin.

Zuzenekoei begira ere aldaketa esanguratsu bat egin zuen. Urteetan bidelagun izandako Heloy Galan bateria jotzaileak taldea utzi eta Etxahun Urkizuk (Hilotz) bete du haren hutsunea. Boskote iraukorrarekin abiatu zuten kontzertu bira, eta horrela jarraitzen dute.

Diskoari dagokionez, eboluzioaren joan-etorrian izaera alternatiboaren muturretan kokatu da Sangreren banda. Metalaren indarra berreskuratu du kantu batzuetarako. Diabolus eta 1937 dira horren eredu. Hitzak eta doinuak laneko gordinenak dira. Gainerako abestiak rock proposamen zabalaren barruan kokatzen dira. Hezurraren Kultura balada ederra aukeratu zuen single gisara gurean gehien entzuten den irrati formulak, distortsioen beldur. Aproposagoak dira Bizhilik, X & Y eta Kontra.

Governors biziberritzea lortu du beste behin ere Arrasateko musikari nekaezinak. Detaile guztiak zaindu ditu estudioan eta ildo berari eutsi dio zuzenekoetan. Maila oneko musikariak ditu alboan, eta falta dena entzuleen erantzuna da. Zaleak han eta hemen pilatzea lortu duten arren, sekula ez dute lortu arrakastaren lerroa gurutzatzea. Meriturik ez zaie falta horretarako.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Baga Biga Musika Ideiak.

Abesti zerrenda:

01. Diabolus
02. Bizhilik
03. Harro
04. Inor Ez
05. 1937
06. Hezurraren Kultura
07. X & Y
08. Amets Ehiztariak
09. Amets Hipoxikoak
10. Kontra

Entzun:

Hurrengo kontzertuak