2020/01/12

Gure aitzindariak

Heavy metala 70eko hamarkada bukaeran iritsi zen Euskal Herrira, Europatik zein AEBetatik. Esan ohi da Jimmy Hendrix, Led Zeppelin, Deep Purple eta Black Sabbath izan zirela estiloa izendatu, garatu eta munduratu zutenak. Gurean Angeles del Infierno (Lasarte, 1980) taldea izan zen aurrenekoa heavy metala jorratzen. Garai hartan, gazteleraz abesturiko rock gogorrak eztanda egin zuen Espainian. Baron Rojo eta Obus taldeekin batera sona berezia izan zuten gipuzkoarrek.

Euskal Herriko hainbat txokotan ere makina bat banda azaleratu ziren; Araban Osiris (Gasteiz, 1979), U.T.M. (Gasteiz, 1982), Rock D.A.M. (Gasteiz, 1986) eta BO2 (Gasteiz, 1986); Bizkaian Exodo (Sestao, 1982), Talion (Erandio, 1983) eta Sabotaje (Bilbo, 1984); Gipuzkoan Averno (Donostia, 1982), Leize (Zestoa, 1982), Thor (Donostia, 1983), Caid Deceit (Irun, 1984) eta Shock (Donostia, 1984); eta Nafarroan Sparto (Iruñea, 1985), Mergus (Iruñea, 1985) eta Mephisto (Iruñea, 1986). Talde horiek guztiek, antzeko ezaugarriak zituzten. Heavy metal eta hard rock musika gazteleraz abesten zuten, eta kantuen letrak gizarte gaien ingurukoak ziren. Ipar Euskal Herriko Killers (Bardoze, 1982) ere ezin da ahaztu, Titan eta Pacemaker taldeekin batera. Errepertorioaren gehiengoa frantsesezkoa izan arren, euskarazko kantu batzuk dituzte.

80ko hamarkadan Rock Radikal Vasco (RRV) izeneko mugimenduarekin gertatu ez bezala, heavy metalari kosta zitzaion jarraitzaileak pilatzea. Punk eta heavy zaleen arteko talkak zein aurreiritziak ugariak izan ziren. Heavya gaizki ikusia zegoen. Alabaina, hamarkada hartako azken urteetan Eibarko Su Ta Gar (Eibar, 1987) taldeak nortasun berri bat eman zion heavy metalari: euskalduna. Laukote hark gure hizkuntzan ere abestu zitekeela erakutsi zuen.

Pixkanaka jendearen aurreiritziak apaldu eta harrera ona izan zuten. Eibarkoek Judas Priest, Iron Maiden, Accept eta Metallica bezalako taldeen eragina berehala islatu zuten beraien kantuetan. Heavy, speed zein thrash metal klasikoa. Hitzak, ordea, gai politiko zein sozialen eta euskal mitologiaren ingurukoak ziren. 80ko hamarkadan ere aurreneko thrash metal eta thrashcore/crossover taldeak sortu ziren: Estigia (Zarautz, 1985), Soziedad Alkoholika (Gasteiz, 1988) eta Anestesia (Zarautz, 1988). Lehenak ibilbide motz baina esanguratsua izan zuen, eta itxuraldatuta itzuli ziren. Beste biek, berriz, erritmo desberdineko ibilbidea daramate.

90eko hamarkadaren erdialdean euskaraz abesturiko heavy metalak lehen loraldi esanguratsua izan zuen. Su Ta Gar taldearekin batera, Ehun Kilo (Elgoibar, 1991) eta Latzen (Oñati, 1993) agertu ziren. Aipatzekoak dira bi talde horien maketak eta estreinako diskoak. Aurretik, Urtz (Pasaia, 1988) bandak hastapen heavya izan zuen –maketa eta lehen bi diskoak–, gerora nabarmen eraldatu dena. Bizkaian, heavy metala euskaraz jorratzen lehena Kartzarot (Lezama, 1989) izan zen.

Hamarkada erdialdetik aurrera, euskarazko heavyaren bigarren loraldiaren hirukoa osatu zuten Idi Bihotz (Bilbo, 1996), Asgarth (Donostia, 1997) eta Hira (Oiartzun, 1998) taldeek. Euskadi Gaztea irratiari esker heavya modan jarri zen Euskal Herriko gazteriaren artean. Asgarth eta Hira bandek irrati formularen maketa lehiaketako entzuleen saria eskuratu zuten. Noraezean (Bilbo, 1996) taldeak ere saria eskuratu zuen, baina ez zuen oihartzun bera lortu. Gauza bera gertatu zitzaien ondorengo bandei: Luther (Eibar, 1993), Hiru Beltz (Bilbo, 1995) –ezaguna da eurek egindako Dragoi Bola telesailaren abestiaren moldaketa–, Azken Garrasia (Donostia, 1998) eta Segabathor (Azpeitia, 1998).

Su Ta Gar taldeak hasitako bidea jarraitu zuten aipaturikoek, baina nazioarteko beste erreferente batzuekin. Europako heavy/power metalaren eragina –batez ere, alemaniarra eta eskandinaviarra– nabarmena da. Ildo beretik azaleratu ziren aurreneko power metal bandak: Beforce (Bilbo, 1996), Eternal Night (Arrasate, 1997) eta Dragon Lord (Iruñea, 1998). Bestalde, rock progresiboak jarraitzaile eta sortzaile ugari izan arren Euskal Herrian –Errobi talde erreferentea da horren eredu–, metal progresiboarekin ez zen gauza bera gertatu. Horrela ere, Preach (Bilbo, 1995) banda izan zen aitzindaria, eta urte batzuk beranduago Dark Fantasy (Bilbo, 2006) agertu zen.

90eko hamarkadan ere metalaren beste aldaera gordinagoak –death metal, black metal, doom metal, gothic metal, ...– jorratzen zituzten taldeak agertu ziren. Muturreko doinuei dagokienez, besteak beste, Phthisis (Bilbo, 1989), Desecrate (Errenteria, 1991), Elbereth (Barakaldo, 1992), Psychophony (Ondarroa, 1993), Dormanth (Bilbo, 1993), Ominous (Arrasate, 1994), Suffering Down (Loiu, 1995), In Thousand Lakes (Bilbo, 1996) eta Melancholic Demise (Donostia, 1998) izan ziren lehendabizikoak. Muturretik muturrerago eginez, bi brutal death metal banda dira nabarmendu beharrekoak: Impure (Bilbo, 1994) eta Cerebral Effusion (Ermua, 1997).

Black metal euskaldunak emari polita izan du hasieratik. Ominous gipuzkoarrak izan ziren aitzindariak, eta bide bera hartu zuten beste batzuek: Aiumeen Basoa (Mutriku, 1994), Adhur (Donostia, 1995), Ilbeltz (Donostia, 1995) eta Numen (Arrasate, 1997). Black metala, folka eta euskal mitologiarekin zein paganismoarekin uztartu zituzten hasieratik. Amurrioko eskola ere ezin da aipatu gabe utzi: Dark Faith (1998), Nakkiga (1999), Mortinatum (2001) eta Sentimen Beltza (2004). Bestalde, garai hartan thrash metalak ez zuen ordezkari askorik izan, baina aipatzekoak dira The Trasten Traste (Bilbo, 1991) eta Legen Beltza (Azpeitia, 1998) esanguratsuak.

Muturreko askotariko doinuen arteko nahasketek eragindako bestelako joerek ere lekua hartu zuten gurean. Esan bezala, 80ko hamarkada bukaeratik hardcorea eta thrash metala elkartu zituen Anestesia laukoak. Gauza bera egin zuten Beer Mosh (Bilbo, 1990) eta Storbais (Ermua, 1992) bandek. Bestelako kasua da Etsaiak (Lekeitio, 1987). Punk banda soila izatetik, metalaren esentzia barneratu zuten euren hardcore zuzenean. Funk, rock eta metala elkartu zituen, aldiz, Flitter (Lizarra, 1990) bandak.

Horrez gain, thrash metalak izandako beste aldaerarekin ere bat egin zuten hainbatek. Brutal Melody (Arrasate, 1994) izan zen groove metal doinuak euskaraz abesten lehena. Gaztelaniaz, berriz, Koma (Iruñea, 1995) bihurriak izan ziren aurrenekoak, Anarko (Bilbo, 1996) bandarekin batera. Thrash gordinetik groove doinuetara egin zuen Eraso! (Zarautz, 1996) taldeak, nahiz eta metal kutsuko rock gogor emozionala egiten bukatu. Ipar Euskal Herrian sortu den bigarren talde erreferenteak ere death metala, groove metala eta progresiboa nahastu zituen. Godzilla izenarekin hasi baziren ere, Gojira (Baiona, 1996) izenarekin egin dira ezagunak mundu osoan zehar. Gaur egun, gurean sorturiko talde internazionalena da. Metal industrialera iritsi ziren thrash oinarritik Brigada Slam (Zarautz, 1993), eta urte batzuk beranduago, baita ere Kudai (Donostia, 2002).

Metal modernoaren modak ere eragina izan zuen Euskal Herrian. Esaterako, 90eko hamarkada erdialdean eztanda egin zuen nu metal fenomeno estatubatuarrak. Faith No More, Korn eta Limp Bizkit taldeak, besteak beste, egin dituzte korronte horren sorreraren erantzule. Esperimentazioa, grunge, rap, elektronika eta bestelako joera alternatiboak metalarekin nahastean gertatu zen dena. Aipaturiko doinuak euskaraz jorratzen aurrenekoak Pi.L.T (Mungia, 1992), Ekon (Arrasate, 1994), OST (Bermeo, 1995) eta Jousilouli (Lezo, 1995) izan ziren. Berri Txarrak (Lekunberri, 1994) nafarrak ere multzo honetan sartu behar dira. Hasiera heavya izan bazuten ere, metal modernora pasa ziten bigarren diskoarekin. Gerora rock gogorraren esentzia mantendu arren, rock, hardcore zein pop alternatiboaren alorrean egin dute ibilbidea agur esan duten arte. Urte batzuk beranduago, irrati formula jakinak euskarazko nu metal loraldi moduko bat hauspotu zuen ere Muted (Abadiño, 2003) taldearen agerpenarekin. Oihartzuna zirudiena baino apalagoa izan zen. Pog Mo Thon bizkaitarrak, Kauta gipuzkoarrak eta Ikus lapurtarrak ere aipa daitezke.

Azken hamarkada luzean metalaren eta hardcorearen arteko lotura makurrak bihurtu dira tendentzia. Euskal Herrian doinu horiek jorratzen lehenak Biok (Galdakao, 1999), Dead Means Nothing (Irurtzun, 2003) eta Dawn of the Maya (Iruñea, 2006) izan ziren. Euskarazko lehen metalcore banda, aldiz, Akatu (Iruñea, 2004) da. Bukatzeko, mundu mailako bi diskoetxerekin sinatzea lortu zuten bi talde azpimarratu behar dira. Batetik, kalitatezko metal sinfonikoa jorratzen aurrenekoak dira gurean Diabulus in Musica (Iruñea, 2006). Dragon Lord taldearen errautsetatik sortu zenak, nazioarteko ateak irekitzea lortu zuen lehen diskotik, eta gaur egun, aurrera jarraitzen dute. Bestetik, Rise To Fall (Sopela, 2006) melodeath bandak ekarpen bereizgarria lortu zuen, eta pixkanaka, munduko txoko hainbat ezagutzen ari da, atzerrian duten harrera onari esker.

Urte hauetan guztietan sortu eta desagertu diren talde esanguratsu zein aitzindarien errepasoa eginda, komeni da azpimarratzea askoz ere banda gehiagok osatzen dutela Euskal Herriko heavy metalaren diskografia.


Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.

[Lee este reportaje en castellano]

Hurrengo kontzertuak