2018/09/15

"Gure jarraitzaileek sentitzen dutena sentitu nahi genuke"

Gaur abiatuko du Zarauzko Anestesia taldeak Gorrotoaren Ahotsa lehen diskoaren 25. urteurreneko kontzertu bira. Bilboko Kafe Antzokian ariko dira Dama taldearekin. Urteurrena ospatzeko zarauztarrek lehen diskoa biniloan berrargitaratu dute eta orduan atera zuten kamiseta berriz ere eskuragai jarri dute. 25 urte atzera egiteko eskatu diogu Mikel Kazalis gitarra jotzaile eta konposatzaileari. 

Urte horiek atzera eginda nola gogoratzen duzu garai hura?

Oso garai emankorra izan zela gogoratzen dut. Guretzat erronka modukoa zen disko luze bat grabatzea, bi maketa eta EP bat egin ondoren. Taldearekin bost urte inguru martxan ibili ondoren, iritsi zen aukera hori eta ondo heldu genion. Egia esan, energiaz beteta geunden eta mila ideiekin. Aurre egin genion oso gustura.

Donostiako IZ estudioan grabatu zenuten Kaki Arkarazorekin. Nolakoa izan esperientzia hura?

Kaki Arkarazori asko eskertu behar diogu. Ikaragarria izan zen eskaini zigun laguntza estudioan eta ez hori bakarrik. Anekdota bat da, garai hartan Esan Ozenkik porrot ekonomiko bat izan zuela eta zigilua ixtekotan izan ziren. Momentu hartan estudioan sartu behar genuenean gertatu zen. Esan ziguten astebete lehenago ezingo genuela grabatu. Egun haietan Arkarazo prest zegoen diskoa grabatzeko, eta kasualitatez Karlos Argiñanoren telebista programako sintonia grabatu zuen eta diru bat kobratu zuen. Berak esan zuen: "nik diru hau jarriko dut zuek grabatu ahal izateko". Zigiluarekin zer gertatuko zen jakin gabe, berak ordaindu zigun grabaketa eta teknikoa izan zen. Berari esker, eta zeharka Argiñanori esker grabatu genuen disko hura. Beste anekdota modura, hamar egun genituen kontratatuta grabatzeko, eta erdian, bost egunetan dena grabatu, nahastu eta masterizatu genuen. Bost egun sobratu zitzaizkigun. Horrelakoak ginen garai hartan, azeleratu hutsak.

Zuk esana da garai hartan musika tresnekin trebatzen ari zineten gazteak zinetela. Lehen diskoari begira nolako maila zenuten?

Egia esan, hasi ginen apenas jakin gabe instrumentuak jotzen hasieratik. Segituan ikusi genuen zerbait genuela, indar bat bagenuela elkartzen ginenean. Bi maketa eta EP bat grabatuta, pixka bat prestatuago geunden. Baina halere ez ginen inongo musikari trebeak, gaur egun ere ez. Aldi berean, oso ausartak ginen. Grabatzen genuen denbora erdian. Gaur egun mila akats atera ahal dizkiogu disko hari, baina freskura horrekin grabatu genuen.

Azkenean, Esan Ozenkirekin argitaratu zenuten. Nola gogoratzen duzu egun hori?

Zigiluaren hastapenetan han nintzen, Negu Gorriak taldean nengoelako. Anestesia ere gustatzen zitzaien, eta lehen diskoa ateratzeko aukera eskaini ziguten. Fermin Muguruzak zer ikusi handia izan zuen, berak sinetsi zuelako taldean. Asko eskertzen diogu.

Anestesiaren ibilbidean diskoa mugarri dela diozue. Zergatik?

Jauzi bat, disko luze bat, diskoetxe batekin, … beste zirkuitu batzuetan sartzen gintuen disko bat izan zelako, beste publiko batera iristeko baliagarri izan zen. Publiko horrentzat gerora jakin ahal izan dugun kolpe handia izan zen. Jende askok kontatu izan digu nola 12 urterekin joan zirela Durangoko Azokara, eta beste diskoen artean gurea ikusi eta erosi zutela jakin gabe zer zen. Gero etxera joatearakoan sekulako flasha izan zen beraientzako. Egia da, horrelako musika gogorra zirkuitu horietan ez zela asko mugitzen, eta are gutxiago euskaraz. Gerora ere jakin dugu jende askorentzat gure disko kuttunena dela, izan zuen kolpe edo sorpresa faktore horrengatik. Gaur egun, gure disko salduena da.

Hamalau abesti ditu diskoak. Motzak eta zuzenak gehienak. Klasiko hainbat daude tartean. Bada kanturen bat zehazki nabarmenduko zenukeena?

Ez nuke bat bereziki nabarmenduko. Baina egia da, orain berriz entzun eta irakurtzerakoan kantu horiek, gogoratzen dut nire 24 urteekin kantu batzuk oso barrenetik atera zitzaizkidala. Adibidez, Gorrotoaren Ahotsa eta Eromena.

Hogeita bost urte beranduago biniloan argitaratu duzue. Bere garaian ere formatu horretan atera zen? Zertan da berrargitalpena desberdina?

Garai hartan hiru formatutan atera genuen. Hiru formatuek elkarbizitzen zuten garaia zen: biniloa, kasetea eta CDa. Oraingoan, erabaki genuen urteurrena ospatzeko zerbait berezia egitea eta binilo formatuan. Berriz masterizatu dugu, diseinuari ere aldaketa batzuk egin dizkiogu eta biniloa bera ere 180 gramokoa da, kalitate hobeagokoa.

Berrargitalpena eskuetan izan eta karpeta irekitzerakoan, zer sentitu duzue?

Gure jarraitzaileek sentitzen dutena sentitu nahi genuke.

Binilo zaharra Elkar estudioetan masterizatu duzue, berriz ere, Victor Sanchezekin. Soinu aldetik emaitza desberdina da?

Egia esan, berriz masterizatzerakoan ez dago marjina handirik. Ez da berriz disko bat nahastea bezala. Estereoan egina dago, eta detaile batzuk aldatu ahal dira. Horiek egin ditugu Elkarren. Horrekin oso gustura gaude. Baina aldaketa asko ezin dira egin. Nire ustez soinu biribilagoa du.

Biniloa ez ezik garai hartako kamiseta berreskuratu duzue. Pletinan biniloa eta kamiseta soinean, beraz.

Jende askorentzat gure disko kuttuna den bezala, gure kamisetetatik ere haien kamiseta kuttuna dela esan digute askotan. Galdetu izan digute ea berriz egiteko asmoa genuen, eta azkenean oraintxe ikusi dugu aukera aproposa biniloarekin batera ateratzeko. Jendea gogotsu ari da eskatzen.

Hori gutxi balitz, gaur bertan abiatuko den kontzertu bira antolatu duzue. Lehen diskoa behar bezala omentzeko prest zaudete?

Prest gaude diskoak merezi duen bezala omentzeko. Hilabete batzuk daramagu entseatzen, forman gaude eta jendeari erakusteko gogo handiarekin.

Euskal Herriko sei lekutan eskainiko duzue kontzertua. Arrazoi bereziren batengatik hautatu dituzue herri, hiri eta toki horiek?

Leku horiek hautatu ditugu geografikoki banatzeko Euskal Herrian zehar. Jende guztiari aukera emateko gu ikusi ahal izateko kilometro gehiegi egin gabe. Gero egia da ere leku horietan jo izan dugula lehenago, eta oso esperientzia onak izan ditugu. Horri eutsiz, erabaki dugu horietan jotzea.

Zuzenean diskoa hasi eta buka eskainiko duzue. Baina beste kantuek lekurik izango dutela pentsa daiteke. Berreskuratuko duzue azken urteetan jo ez duzuenen bat?

Hori jakiteko kontzertuetara joan beharko duzue.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak