Iragana dute presente hainbat metal zale heldu zein gaztek. Lan zaharrak berrargitaratzen ari dira hainbat zigilu txiki. Hori gutxi balitz, bazterrean geraturiko formatua berreskuratu dute hainbatek musika berria argitaratzeko: kasetea. Horren eredu da Witchcraft Records zigilua. Bizkaia eta Nafarroa artean sortu zuten Jonpe santurtziarrak eta Mikel Ezkaroze nafarrak. Evil Killer taldeko kidea da Ezkaroze, eta beraien bigarren lana izan zen abentura honen abiapuntua. Ez da argitaratu duten Euskal Herriko talde bakarra. The Wizards bizkaitarren bigarren lana ere kasetean atera zuten. Jonperekin hitz egin dugu esku artean duten zigilu interesgarriaz.
Nola sortu zenuten zigilua?
2017aren hasieran Evil Killer taldeak bigarren diskoa ateratzekotan zenean, Mikelek esan zidan kasetean ateratzeko zigilu bat topatzea ona izango litzatekeela. Orduan, guk geuk egitea pentsatu genuen eta horrela sortu zen zigilua. Lagunen edo gustuko ditugu taldeen lanak argitaratzeko jarri genuen abian.
Zigiluaren izenak harreman zuzena du Evil Killer taldearekin, ezta?
Izen bila ibili ginen eta ez zitzaigun ezer bururatzen. Azkenean, diskoaren izenburua erabiltzea ondo iruditu zitzagun. Era berean, azalean agertzen den sorginaren marrazkia ikur bezala erabiltzea erabaki genuen. Jose Antonio Vives artistarena da. Mikelekin eta taldearekin nuen konfiantzaz baliatu nintzen izena adosteko. Bistan denez, oso originalak gara (barreak).
Zergatik kasetea lanak argitaratzeko?
Esan bezala, gure lehenengo argitalpena kasete formatuan izan zen, baina ez dugu zigilua formatu horretara mugatu nahi. Ez genituen ezagutzen gurean kasete formatuan musika argitaratzen zuten zigilurik, eta hutsune hori betetzea ondo iruditu zitzaigun.
Edozein formatuan kaleratu nahi dugu musika etorkizunean. Gertatzen dena da biniloak fabrikatzea garesti samarra dela, eta kaseteak baino kopuru handiago batean egin behar direla. Kontu horri bueltak ematen gabiltza eta akaso laster biniloren bat aterako dugu.
Betidanik izan ditugu gustuko kaseteak eta formatu horretan musika entzun dugu txikitatik, baita beste formatuetan ere. Beraz, zerbait bitxia iruditzen zitzaigun formatu berezi honetan egitea. Gustukoen ditugun zenbait disko hiru formatu ezberdinetan ditugu; CD, kasete eta biniloa.
Metal klasikoa, tradizionala zein muturrekoa. Estilo horietan mugitzen zarete?
Horrela da, bai. Baina ez dugu zigilua estilo batzuetara mugatu nahi. Gustuko ditugun taldeen lanak kaleratzea da gure helburua. Estiloa berdin zaigu.
Orain arte zenbat lan atera dituzue kasetean, eta zeintzuk nabarmenduko zenituzkete?
Orain arte zortzi lan ezberdin kaleratu ditugu, Witchtower taldearen Hammer Of Witches lanaren berrargitalpena kontuan hartu gabe. Guretzat denak dira garrantzitsuak eta ilusio handiarekin egin ditugu guztiak. Baina lanen bat aipatzearren, Visigoth taldearen bi lanak kaleratzea izan da bereziena. Gu biok gaur egun oso gustuko dugun taldea da, eta Metal Blade diskoetxearekin lan egitea guretzako pauso handia izan delako.
Hain zuzen ere, Visigoth eta Stallion bezalako taldeen lanak kasetean argitaratzea esanguratsua da. Nola adostu zenuten beraiekin, eta beraien diskoetxeekin?
Metal Blade zigiluan dago Visigoth taldea, egungo heavy metal zigilu handietako batean. Proposamena egin genien Jarvis Leatherbyrekin hitz egin ondoren. Bera da taldearen managerra eta Nigth Demon, Cirith Ungol eta Jaguar taldeetako kidea. Popatik hartzera bidaliko gintuztela uste genuen, baina zer ostia, gutxienez saiatu behar genuen. Ez genuen ezer galtzeko. Gu bezalako zigilu txiki batentzat nahiko zorrotzak ziren baldintzak jarri zizkigun eta momentu hartan ezin genuen horrelako akordio bat onartu. Hala ere gure aukeren barruan zegoen akordio bat proposatu genien eta onartu zuten. Ez genuen hori ezertarako espero.
Stallion taldea ez dugu guk kaleratu. Beste zigilu batek kaleratutako materiala da, baina egia da gure zigiluaren bitartez eskuratu daitekeela. Kasetearen munduan normala da beste zigiluekin trukeak egitea. Horrela, haiek gure materiala dute saltzeko eta guk haiena. Bi aldeek eskaintza zabalagoa osatzen dugu. Trukatzen dugun materialaren parte handi bat gure kontsumorako erabiltzen dugu. Beraz guretzat horrelako trukeak egitea benetan merezi du!
Zenbat kopia ateratzen dituzue argitalpen bakoitzeko?
Kaleratzen ditugun kopien kopurua ezberdina da. Gure ustez izango duen arrakastaren araberakoa da, edo une honetan dugun aukera ekonomikoen arabera. Gertatu zaigu arrakasta gutxi aurreikusten genuen argitalpen baten kopia guztiak denbora gutxian saltzea. Baita alderantziz ere. Askotan ez dugu erantzunarekin asmatzen.
Zehazki, nolakoa da salmenten erantzuna?
Ez da izugarria eta ez dago gaizki. Normalean ez ditugu kopia guztiak denbora tarte estu batean saltzen. Baina pixkanaka argitalpenen kopiak agortzen zaizkigu. Kontuan izan behar da kasetea gutxiengo batek erabili eta kontsumitzen duela. Musika erosten duen gehiengoak CD eta biniloaren alde egiten du. Alemanian, Asian, AEBetan eta Hego Amerikan kasetea erabiltzea normalizatuagoa dago. Hori izugarri nabaritzen da eskarietan.
Aurrera begira, edizio berriak prestatzen ari zarete?
Kaleratzeko titulu asko ditugu buruan, baina zaila da guztiak kaleratzea. Denbora hartzen dugu argitalpen batetik bestera. Guregatik izango balitz astero kaleratuko genuke argitalpen berriren bat. Baina errealitatea oso desberdina da. Inbertitu dugun diskoa dirua berreskuratzeko beharra dugu lan berriak atera nahi baditugu.
Orain edizio pare bat adostu ditugu. Bi talde berriren maketak dira. Batetik, Alacanteko War Dogs taldearen lehen erreferentzia, eta bestetik Kataluniako Löanshark bandarena. Taldekide italiar bat dute aurretik Crimson Storm, Alkoholizer eta Rest In Piss taldeetan ibilitakoa. Banda berriak ere bultzatu nahi ditugu, ez soilik dagoeneko diskoetxe batekin kontratua dutenak.
Beste bi argitalpen ere prestatzen ari gara. Bi taldeak ezagunak dira, baina oraindik ezin dugu ezer aurreratu.
Nola hedatzen dituzue zuen kaseteak?
Aurrerago esan bezala, normalean beste zigiluekin trukeak egiten ditugu. Baina zigiluren batek gure kaseteak erostea nahiago badu salneurri berezi batean saltzen dizkiogu haiek etekin bat ere atera dezaten. Zenbait zigilu eta banatzaileekin egin ditugu trukeak: Ipar Ameriketako Rapid Fire Records (Colorado) eta Caligari Records (Florida); Hego Ameriketako Tradición Metálica (Txile); Asiako Roots Active Productions (Tailandia); Europako High Roller Records (Alemania), Underground Power Records (Alemania) eta ToneWood Music (Danimarka); eta Kat Tepes Records (Malaga) eta Metal On Metal Distribution (Gipuzkoa).
Kasetea ez da biniloa, baina revival modukoa bizi du?
Badirudi baietz, txikia bada ere. Ez da biniloaren hazkundea bezain bortitza; ezin da alderatu. Uste dut guztiz egia ez den zerbait saldu nahi digutela.
Zein da gailu edo lekurik onena kasete bat entzuteko?
Jonpe: Niretzako unearen araberakoa da; gailua edo lekua berdin dio. Baina bueno, bitxikeria moduan, pasa den urtera arte nuen kotxeak bakarrik kaseteak irakurtzen zituen. Kotxean musika entzuteko modu bakarra hori nuen, hori ala irratia, eta guztiok dakigu zein den gaur egun irratian jartzen den musika. Lagun askok CDak irakurtzeko gailu batengatik aldatzeko esaten zidaten, baina etxean nituen kaseteak erreproduzitzeko beste modu bat zen.
Mikel: Niri lanetik bueltatzean gustatzen zait entzutea; pletina on batean. Walkman-ak ez ditut inoiz gustuko izan.
Zerbait gaineratu nahi baduzue, bota lasai!
Jendea animatu nahi dugu beste modu batera musika entzutera, musika erostera eta taldeak laguntzera. Mila esker gure proiektuan interesa agertzeagatik eta elkarrizketa hau eskaintzeko aukera emateagatik.
Inaxio Esnaola Aranzadi