Irungo Joseba Alsua musikariak Haira metal proiektu pertsonala erakustea erabaki du. Martxoaren 24an Gainbeheraren Bidean estreinako diskoa zabaldu zuen plataforma digitaletan. Urtetan landuriko bederatzi abesti ditu, eta dena bere kabuz grabatu du etxean.
01. Lasaitasuna Atzean Utzita
02. Etsaien Gizartea
03. Herri Txikien Desagerpena
04. Beldurrez Beteriko Azken Arnasa
05. Gertukoen Negar Zintzoa
06. Askatasun Ilusioaren Jokoa
07. Ilunpean Barruko Izarra Lagun
08. Ama Erail
09. Txotxongiloen Mendekua
Haira proiektuak historia bitxia duela kontatu digu Alsuak: "Gitarra jotzen ikasten hasi nintzenean, diskoa bera ere sortzen hasi nintzen. Lau abesti eta erdi eginda nituela, lagun batek esan zidan oso gustuko zituela, eta taldea parte hartu nahi zuela esan zidan. Baiezkoa eman nion, baina argi nuen nola bideratu nahi nuen diskoa. Hori zela eta, konposizioaren zatirik handienaren ardura nik hartu nuen, nahiz eta berak ere ekarpen batzuk egin zituen. Diskoaren egitura jada prest zegoela, taldeakideak bilatzeko lanari ekin genion (abeslaria, baxu jotzailea, bateria, ...), baina lagunari sortu zitzaizkion arazo batzuk zirela eta, berak talde proiektua uztea erabaki zuen, eta berriz bakarrik gelditu nintzen. Beste lagun batek abestiak entzunda zera esan zidan, taldekideak bilatzea errazagoa izango zela abesti zuzenagoak eginda, estiloa pixka bat aldatuta, baina nik argi nuen hori zela nik egin nahi nuen musika eta abestiak bere horretan mantendu nituen. Azkenean, taldea sortzearen proiektua bertan behera utzi eta gitarra saldu nuen".
Bederatzi urte inguru beranduago, etxean garbiketa egiten ari zela, taldearen abestiak Guitar Pro formatuan zituen CDa topatu zuen. "Emazteari aipatu nion pena handia ematen zidala bukatu gabeko proiektua zelako. Orduan berak animatu ninduen bukatu gabeko disko hori egitera. Ordurako, gitarra jotzea zer zen ahaztua nuen, eta ez nuen gitarrarik. Beraz, berriz ere hutsetik hasi nintzen", azaldu du Alsuak. Dena dela, diskoa grabatzeko behar zuen materiala erosi zuen (gitarra, prozesadorea, ordenagailua, mikrofonoa, ...), eta denbora behar izan zuen lana borobiltzeko.
"Nire helburua zen diskoa bere osotasunean bukatzea, eta noizean behin neuk sortutako zerbait gustura entzun ahal izatea eta akaso lagunen bati erakustea. Baina oraingo honetan ere emazteak konbentzitu nau diska argitaratzeko. Etxean entzuteaz gain, agian beste norbaitek ere goza dezakeela. Horrexegatik nabil orain saiakera horretan, alegia diskoa ezagutzera ematearen saiakeran. Ziurrenik ez da jende gehienak metal talde batetik espero duen soinua, baina honako hau da nire proposamena. Beste norbaitek gozatzen badu konforme sentituko naiz", nabarmendu du gipuzkoarrak.
Musikalki ez da ausartu jotzen duena katalogatzera. Askotariko metala gustuko duela adierazi digu Alsuak. Hortaz, entzuleari dagokio deskubritzea.