Durangoko Orion Child taldeak Continuum Fracture hirugarren disko esanguratsua plazaratu zuen martxoan. Sortu duten istorio distopiko propioa behar bezala kontatzeko, musikarekin batera liburu bat ere argitaratu dute. Diskoa soilik ez omen da nahikoa istorioa ulertzeko. Elkarrizketa honen bidez bidea errazten ahaleginduko gara.
Zer nolako harrera izan du hirugarren diskoak?
Egia esan, oso ona izan da. Inguruko jendeari gustatu zaio, eta diskoak jaso dituen kritikak oso onak izan dira.
Orain arteko disko konplexuena da, entzunaldiak merezi dituena?
Musikalki ez da izan konplexuena, behintzat konposatzeko garaian. Denbora gehiago behar izan dugu kontatu nahi genuen istorioa egiteko. Liburua idazteko, alegia.
Esan bezala, diskoa ez ezik, eleberria ere plazaratu zenuten. Osagarri sinple bat da, edo beharrezkoa diskoaren istorioa hobeto ulertzeko?
Beharrezkoa da, bai. Gure asmoa da bata bestearen osagarri izatea, horregatik diskoko letrekin bakarrik kontatzen dugun istorioa bere osotasunean ulertezina egiten da.
Distopia bat da istorioaren oinarria. Sinopsi bat egitera ausartuko zinatekete?
Milaka urte igaro dira gerra nuklear baten ondoren. Gizateria lau fakzio desberdinetan antolatuta dago, horien etsai, erradioaktibitatearen eraginagatik eraldatutako giza tribu bat. Antzinako gatazka hori bisitari ezezagun batzuen etorreragaitik aldatu egingo da.
Zergatik erabaki zenuten istorio distopiko propioa sortzea?
Erraza, istorio orijinala nahi genuen, ez tematikagaitik, holako moduko istorio asko daude eta. Guztiz gurea sentitu nahi genuen.
Gaur egungo literaturan, zineman eta musikan oso presente daude istorio distopikoak. Horien jarraitzaileak zarete?
Bai, genero hori betidanik izan dugu gustuko. Liburuak eta filmak ez ezik, baita bideojokoak ere.
Zeintzuk dira istorioa idatzi duen taldekidearen erreferentziak?
Santi Herrera: Nire erreferentzia nagusia J. R. R. Tolkien maisuaren obra da, nahiz eta beste nobela batzuk irakurri, zalantza gabe bera da nire idazlerik gogokoena.
Asier Barato: Narrazioari dagokionez, J. R. R. Tolkien. Pertsonaiak irudikatzeko, berriz, Brandon Sanderson. Eta testuinguruak lantzerako orduan, George Orwell.
Musikalki hasitako bideari eutsi diozue. Power metal iluna da oinarria melodeath eta bestelako doinuen eraginarekin. Zuen estiloa definitu duzuela uste duzue?
Bai. Into the Deepest Bane of Hope diskoan hasi ginen definitzen bide hori, eta guk ere uste dugu badugula finkatuta. Beste modu baten esanda: gustuko ditugun metal generoak hobeto daude bateratuta diska honetan.
Sormena behar bezala erregistratzeko, berriz ere, Pedro J. Mongerengana jo zenuten. Aurreko esperientziak bultzatuta?
Horrela da, bai. Bigarrenez jo dugu Pedroren atea, eta bigarrenez asetuta irten gara bere etxetik, oso pozik bukatu dugu lana. Pedrok gure estiloa eta gure beharrak badakizkiela esan genezake. Horrexegatik oso erraz egin zaigu berarekin lan egitea.
Lehen diskoa Madrilen grabatu zenuten Jose Garridoren New Life estudioetan. Egia esan, lortu duzuen soinurik ederrena dela esango nuke. Arwen taldearen itzulera diskoa entzun ostean, zuentzako soinu aproposa dela uste dut. New Life-ko esperientzia errepikatzeko aukera ikusten duzue?
Guretzat grabazio hura esperientzia izugarria izan zen, arlo guztietan asko ikasi baikenuen. Jose Garridok eta Daniel Sabugalek lan ederra egin zuten. Baina ez, ez dugu han errepikatzeko asmorik.
Crowdfunding kanpaina batekin babestu zenuten diskoa. Lan asko egin zenuten finantziazioa lortzeko. Nolakoa izan zen esperientzia?
Bigarrenez egin dugu crowdfunding kanpaina, eta lehenengoan bezala, esperientzia izugarria izan da. Jendearen babesa sentitu dugu, egun gutxitan gure helburura heltzea lortu baikenuen. Jendeari eskainitako sariek harrera oso ona izan zuten. Jarraitzaileak pozik, eta baita gu ere.
Aurreko lan guztia beteta, sentsazioa dut promoziora indarrik gabe iritsi zinetela. Badirudi ez duzuela behar beste promozionatu disko berria. Ez du aurrekoak baino oihartzun handiagoa izan, nire ustez. Iritzi berekoak zarete?
Agian indar barik baino gehiago, pixka bat berandu heldu garela esan genezake. Baina, hala ere, oihartzuna hor dago, eta hemendik aurrera asko entzungo da guri buruz, edo hori espero dugu.
Zuzenean aurkezteko aukera izan duzue, nahiz eta ez diren kontzertu asko izan. Zer nolakoa izan da kantu berriak taula gainean jotzea?
Erantzukizunez beteriko esperientzia polita da. Taula gainera igotzen garen bakoitzean gure onena ematen ahalegintzen gara, eta momentuz horrela izan da. Gainera gure jarraitzaileak abesti berri batzuen estribilloak abesten ikusteak esperientzia biziagoa bihurtzen du.
Dimetal Fest jaialdian arerio gogorra izan zenuten beste agertoki batean, eta horrela ere jende asko joan zen zuek ikustera. Pozgarria da hori?
Beno, lehenengo, guk ez ditugu beste taldeak areriotzat hartzen. Hori esan eta gero, egia da talde handiak izan zirela Diman guk jo genuen ordu berean. Gauza orokorra da horrelako moduko jaialdietan. Hala ere, esan duzun bezala, jende ugari etorri zen gau hartan gu ikustera, eta hori harro egoteko modukoa da. Oso pozik amaitu genuen kontzertua, pertsona kopurua ikusita. Gainera jende ezezagun asko etorri zen kontzertua bukatu ondoren gu ezagutu eta zoriontzera.
Egokia iruditu zitzaizuen zuen emanaldia jaialdiko talde ezagunenetako batekin batera programatu izana?
Hori izan zen gure ordutegia. Beste ordu batean edo beste eszenatoki batean jo izana hobeagoa izango zen guretzat? Batek daki… Bizi genuenarekin pozik gaude, eta horrekin gelditzen gara.
Aurrera begira, kontzertu gehiago emateko asmoa duzue Euskal Herritik kanpo, ezta?
Bai, Madrildik etorri berriak gara. Aurrera begira, Zaragoza, Alacant (Metal Night Fest), Bartzelona, Granada, Sevilla eta Salamanca bezalako hirietan jotzeko aukera izango dugu. Portugal ere bisitatuko dugu Milagre Metaleiro jaialdian jotzeko. Ez dugu nahi horrekin konformatu, horregatik On Fire agentziarekin batera gabiltza lanean zerrenda horri hiri gehiago gehitzeko.
Disko honi zenbateko bidea geratzen zaio?
Bidea luzea izatea espero dugu. Hasi besterik ez da egin diskoaren zuzeneko aurkezpena, eta 2020a luzea izango delakoan gaude.
Istorio distopikoaren jarraipena idazten hasi zarete?
Bai, Santik badu istorioaren jarraipenaren zirriborroa idatzita. Hemendik gutxira hasiko da istorio berria garatzen.
Taldean aldaketa bat izan duzue. Jandrok banda utzi du, eta Jonek bete du bere hutsunea. Esperotako aldaketa izan da?
Bai, Jandroren agurra espero zitekeen gauza bat zen. Elkarrizketa hau aprobetxatu nahi dugu besarkada handi bat bidaltzeko berari. Beti izango da Orion Child taldeko partaidea. Bestalde, Jonek oso ondo hartu du testigua; bateria jotzaile aparta da, benetan. Gainera, pertsona jatorra da, eta oso ondo moldatzen gara berarekin.
Ez da erraza banda bat kudeatzea. Are zailagoa da musikariek beste proiektu batzuk badituzte. Horrek zenbatean eragiten du taldearen erritmoan?
Ezin da ukatu kudeaketa arazoak badaudela, baina ez dira larriak. Zorionez Orion Child eta Incursed agentzia berean daude, eta normalean kontuan hartzen dira bien kontzertuak. Gero entseatzeko garaian, denok ditugu gure zereginak lokaletik at. Horrez gain, Jonkol Vhäldemar heavy metal bandako kidea da, eta gurekin ezin badu jo, zuzenekoak moldatzeko tresnak ditugu. Ezina ekinez egina, esaten den bezala.
2020aren atarian zein mezu helarazi nahi duzue?
Metal bortitza, eta era berean melodikoa gustoko baduzue, 2020an gure kontzertuetara etortzeko gonbidapena luzatzen diogu metalzale orori. Era berean, mila esker Herriko Burdinari egiten duen lan garrantzitsuarengatik.
Inaxio Esnaola Aranzadi