Sentipena zena, errealitate gordina dela frogatzeko unea iritsi da. Euskal Herriko jai garrantzitsuen egitarau ofizialetan heavy metalak ez du lekurik. Hau da, Iruñeko San Fermin jaietan, Baionako bestetan, Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan, eta Donostiako zein Bilboko Aste Nagusietan. Zorionez, hainbat herritako festetan metalari lekua egiten diote, baina tokiko eragileei esker izaten da. Udaletako kultur teknikariek oso bestelako doinuak nahiago dituzte.
Azken urteotako tendentzia agerikoa da: rock gogorrak presentzia nabarmen gutxitu, eta gutxigatik mantendu du. Hori horrela dela erakusteko, aipaturiko jai nagusien aurtengo egitarauak errepasatu ditugu, eta uste baino kezkagarriagoa da errealitatea.
Euskal Herriko jai nagusietatik, dagoeneko bi pasatu dira, eta beste hiruak hastear ditugu. Hortaz, kronologikoki abiatzea da onena. Iruñeko sanferminak uztailaren 6tik 14ra bitartean izan ziren, eta rock gogorrak bere lekua izan zuen programazio ofizialean eta alternatiboan. Rodeo O-ko Andre Maria plazan aritu zen (uztailaren 9an), El Drogas Gaztelu plazan (uztailaren 10ean) eta PiL.T. Oinez txokoan (uztailaren 13an).
Baionako bestak uztailaren 10etik 14ra ospatu zituzten, eta soilik lau egunekoak izanik ere, metalak presentzia handiagoa izan zuen. Esaterako, Saddict eta Kimule bandak Züzülü kafetegian aritu ziren (uztailaren 11n), eta Fistule taldeak Patxoki ostatuan jo zuen (uztailaren 12an). Horiez gain, Rodeoren stoner rocka eta Kuma No Motorren hardcore punka entzun ahal izan ziren.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren festak, berriz, hastear dira. Abuztuaren 2tik 9ra arte egingo dituzte, eta metal doinuak nabarmen baztertu dituzte kontzertu gune gehienetan. Aipaturiko Kuma No Motor banda gaztetxean izango da (abuztuaren 6an), eta, leku berean, Mehatxu metal taldeak joko du (abuztuaren 7an), Cold Noize hardcore zaleekin, besteak beste.
Donostiako Aste Nagusia abuztuaren 10etik 17ra bitartean izango da, eta azken urteotako jarrera berretsi dute batzuek zein besteek. Alegia, udalak eta Piratek. Ez dago metal eta rock gogor kontzertu bakar bat ere. Ezin esan larria denik, ohitura bihurtu den zerbait delako.
Aldiz, Bilboko Aste Nagusia da heavy metalari leku gehien egiten dion festa. Urtez urte, metal doinuak programatzen dituzte hainbat gunetan. Horrela, abuztuaren 17tik 25era arte, proposamen ugari daude Bizkaiko hiriburuko jaietan. Hasteko, Angelus Apatrida ariko da Kafe Antzokian (abuztuaren 17an). Era berean, Uribarri konpartsaren Mari Metal Jaia nabarmendu behar da. Antolatzen hasi eta jarraitzea erabaki zuten, eta aurten lau talde ariko dira zuzenean: Fear Crowd, Kruddö, Bloody Brotherhood eta Barbakore (abuztuaren 20an). Bitxikeria gisa, Barón Rojo Abandoibarran izango da Bilboko Udal Bandarekin (abuztuaren 20an). Azkenik, eskertzekoa eta txalotzekoa da Bilboko Aste Nagusiko Metal Pop-Rock Erakustaldiaren programazioa. Bertako taldeei Bilborocken jotzeko aukera eskaintzen diete, eta metala oso presente izaten dute. Aurten ere, bost talde ariko dira: Sweet Rage (abuztuaren 17an), Fear Crowd eta 4 Villains (abuztuaren 23an) eta Frakture eta Knives (abuztuaren 24an).
Aurtengo jai nagusien kontzertu proposamenei argazkia aterata, hasierako galderari erantzuten saiatuko gara. Heavy metalak jai dauka? Bai, horixe!
Testua: Inaxio Esnaola Aranzadi.
Argazkia: Jon Goikouria.