Hirugarrenez antolatu dute Hellbona jaialdia Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). Larunbatean izango da, urriaren 21ean. Egun bakarrekoa izan zen hasieran, iaz bi egunetara pasa zuten, eta, aurten, berriz ere jatorrizko izaera berreskuratuko dute nobedadeekin.
Bederatzi talde ariko dira zuzenean bi agertokitan banatuta. Aljibean joko dute 20:00etatik aurrera, Bullets Of Misery, Elizabeltz, Cavan eta Broken Legacy bandek. Aldiz, Berdura plazan izango dira 17:30etik aurrera, Putrefucked, Sodade, Herzel, Anker eta Khymaira.
Euskal Herriko metal jaialdiei buruzko zazpigarren elkarrizketa laburra Hellbona jaialdiaren antolatzaileei egin diegu.
Noiz eta zergatik sortu zenuten Hellbona jaialdia?
2021ean izan zen. Villabonako Rainbow taberna inguruan, Aiztondoko heavy metal taldeak mugitzen ziren, eta pandemian geundenez, ezer gutxi zegoen egiteko. Gainera, Aiztondoko bailaran heavy kultura desagertzen ari zela konturatu ginen.
Irailean hutsune bat zegoela ikusita, pentsatu genuen zuzeneko emanaldi batzuk antolatzea. Halloween datak aukeratu, eta bi egunez bost taldek jo zuten debekatuta ez zegoen ordutegia aprobetxatuta: Brea (Ibarra), Basati (Tolosa), Hybrid Moon (Zizurkil-Donostia), Meliora (Zizurkil) eta Bloody Brotherhood (Hernani).
Oso arrakastatsua izan zen, eta herriko bizilagunek harrera ona egin zioten, eta aurrera eramaten lagundu ziguten. Udaletxeak ere diru laguntza eman zigun.
Jaialdiaren atzean Rainbow taberna dago, ezta?
Rainbow taberna probintziako heavyen topagune ia bakarra da, Cheyenne tabernarekin batera. Atzean baino erdian dagoela esan genezake.
Jaialdiaren antolaketan, berriz, zenbat pertsona zaudete?
Bileretan hamar edo hamabi lagun elkartzen gara, ideiak konpartitzeko eta lanak zehaztatzeko. Dena dela, jaialdian 30 lagunek baino gehiagok lan egiten dute.
Zein da zuen helburua?
Villabonan heavyen kultura eta portaera elegantea ezagutzera ematea da gure asmoa. Bertako talde ez horren ezagunei baldintza duinetan jotzeko aukera eman nahi diegu, eta, noski, parranda polit bat egitea.
Jaialdiak iaz izandako harrera nolakoa izan zen?
Iazkoa nahiko potoloa izan zen. Hamalau taldek jo zuten bi egunetan, bi agertokitan banatuta. Aljibea izugarria da kontzertuak egiteko. Ostiralean ez zen jende askorik egon, baina larunbatean askoz ere gehiago batu ziren. Gure ustez taldeak gustura geratu ziren, eta kalitatea (taldeena eta soinuarena) nahiko ona izan zen. Iritsi zaiguna da ezusteko on bat izan dela gure jaialdia, eta horrek animatzen gaitu antolatzen jarraitzeko.
Epe ertain eta motzera zer asmo duzue?
Aurten Hellbonaren hirugarren edizioa aurrera ateratzen saiatuko gara, berriz ere udaletxearen laguntzarekin. Aukeratu dugun formatua sinpleagoa da, egun bakarra bi agertokirekin. Gure asmoa da jaialdia txikia izaten jarraitzea, eta Euskal Herriko taldeei jotzeko aukera ematea.