Herra - Egun Ilunak

Argia ikusten omen da bidearen amaieran. Basoa gurutzatu behar da horretarako, eta gaua da. Ibilbide hori egitezko ezinbestekoa da Herra arabarren Egun Ilunak disko laburra osorik entzutea. Lau pauso sakon eman behar dira. Lohiak ez du erritmoa azkartzen uzten, harrapatzen zaitu. Gainera, oztopo guztiak gainditu arren argitasuna ez dago ziurtatuta.

Duela lau urte elkartu ondoren, beraien metal moderno bezain pisutsua aurkezteko garai aproposa tokatu zaie. Gasteizko crossover banda aitzindariak iragarritako garai ilunak antzekoak eta bestelakoak dira orain. Pandemiari beldur, gerizpean bizi da egungo jendartea. Egunak argitzea da askoren eguneroko erronka, eta musika helduleku aproposa da. Iluntasunetik ateratzeko aukera eskaintzen du Herra boskoteak.

Etiketak eta erreferentziak garrantzitsuak dira talde bakoitza sailkatzeko. Arabarren sare sozialetan post-metal doinuak jorratzen dituztela irakur daiteke. Aldiz, groove metal eta metalcore etiketak egokiagoak dira beraien proposamena argitzeko. Machine Head eta Sepultura erreferentetzat dituzte, besteak beste, eta horien soinura hurbiltzeko jo dute Iker Bengoaren (Childrain) Silverstar Studios-etara. Indartsua da emaitza.

Gordintasuna eta melodia. Eztarria Hodei abeslariak urratzen du, eta pasarte melodikoak Oiñaz gitarrak egiten ditu. Bi ahotsen bateragarritasuna da lau abestien bereizgarria. Abesti guztien formula antzekoa da. Muturreko doinuek talka egiten dute errepika melodikoarekin. Horietatik argitsuenak Amodioaren Zuloa eta Ametsen Taupadak dira. Entzuleak basoa gurutzatuta kantu gehiago topatuko dituela uste badu, seinale ona.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Amodioaren Zuloa
02. Ametsen Taupadak
03. Ahazturantz
04. Gauaren Itzalak

Hurrengo kontzertuak