Hex - God Has No Name

Infernuko sugarretatik azaleratu dira, eta muturreko metalaren errautsetatik bersortu. Bizkaiko Hex bandak aro hobea bizi du boskote denetik. Adolfo Warbanner musikari zein diseinatzaileak bidelagun aproposak topatu ditu bere proiektu pertsonala aurrera eramateko. Alboan ditu Jonathan abeslaria, Jon gitarra, Endika baxua eta fitxatu berri duten Rober bateria jotzailea. Bilbo Hiria musika lehiaketa zuzeneko indartsuari esker irabazi zuten, eta nazioarteko zigilu gordin batekin sinatzea lortu dute.

Uztailean argitaratu zuten God Has No Name diskoa, eurek espero baino dezente beranduago. Munstro geldo eta makurra gorpuztu dute, death/doom metal lehorrarekin arrastaka mugitzen dena. Iluntasuna, ordea, duela bi urte hasi ziren hedatzen. Boskotearen aurkezpena Let There Be Darkness hiru abestiz osaturiko maketa izan zen. Aukeran, motzegia. Elkarrekin grabatu duten estreinako diskoak, berriz, zazpi kantu ditu. HorietatikThy Kingdom Gone eta Worshipping Falsehood birgrabatu eta nabarmen hobetu dituzte. Beraz, bost pieza berri ditu diskoak. Muturreko matematikak.

Laburra bezain deigarria da diskoa bere osotasunean, entzunaldiak behar dituena. Soulsculptor, Dævangelism - The Dark Sunset eta Where Gods Shall Not Reign dira azpimarratzekoak. Batez ere, aipaturiko azkena. Haydee Mariñoren emakume ahotsak freskotasuna ematen dio diskoaren giro idor eta pisutsuari. Warbanner berak egindako diseinuak ondo jasotzen du mamia. Diskoa formatu orijinalean eskuratzeak duen abantaila da. Detailez eta sinboloz beterikoa da, eta bada bat zuzenekoei begira ezaguna dena.

Munstroa pauso sendoak ematen ari da boskote berrituarekin, eta aitortu behar da taula gainean hobeto moldatzen direla. Osagarri gehiago erakusten dituzte, eta doinuekin beste dimentsio batzuetara iristen dira.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Transcending Obscurity.

Abesti zerrenda:

01. Thy Kingdom Gone
02. Soulsculptor
03. Worshipping Falsehood
04. Daevangelism – The Dark Sunset
05. Apocryphal
06. Where Gods Shall Not Reign
07. All Those Lies That Dwells

Hurrengo kontzertuak