Oinarrizko eskubidea da askatasuna. Kontzeptu zabal eta nahasi horren inguruko hausnarketa jaso dute Hilotz gipuzkoarrek Aske bigarren diskoan. Libre izatearen inguruko hamaika istorio barnebiltzen ditu, eta ariketa bera eskatzen du. Hau da, aske eta mugarik gabe sortu dutena modu berean entzun behar da. Denbora eskaini behar zaio, egunerokoan aise galtzen dena. Aurreiritzirik gabe, estilo, jatorri eta gainerako ezaugarriei erreparatu gabe. Like errazen aroan, atsegin badugu play sakatzea hobe.
“Libre izateko haiz jaioa”, dio abesti ezagun batek. Askatasun horretatik abiatuta, hirukoak entzunaldi bat baino gehiago behar dituen metal lan interesgarria plazaratu du. Hasieratik bukaeraraino, Mikel Yarza (ahotsa eta baxua), Pablo Cabases (gitarra) eta Etxahun Urkizu (bateria) musikariek elkarrekin eraiki duten lehen lana da. Zertxobait zahartu dira prozesuan, esperientzia irabaztearekin batera. Gipuzkoarren orain arteko ekarpen onena eta arriskatuena da. Irisgarria bezain konplexua, eta oso erakargarria.
Askatasuna bezain zabala da proposamena, thrash, death eta black metal doinuetatik abiatuta. Muturretik bestelako muturrekoak ematen dituen hamaika abesti ditu diskoak. Folk pasarteak, erritmo latinoak, egitura progresiboak, heavy klasikoa eta neoklasikoa topa daitezke. Hori dena ezin da lehen kolpean asimilatu, baina posible da pixkanaka, eta merezi du. Zortzi minutu luzekoa da aurreneko kantua, diskoa izendatzen duena. Jarraitu beharreko ildoa marrazten duen lehen harria da, argi-ilunen argia. “Benetakoa ote da gure zoriontasuna?”, galdera jaurtitzen dute bukaeran. Norberak pentsa dezala horren inguruan.
Askatu zuten estreinako singlea izan zen Pertsona, Terrorista. Etorkinen eguneroko errealitate krudela islatzen du. Esaterako, Greziako Lesbos irlan gertatzen ari denaren thrash soinu banda litzateke. Aldiz, bizi dutena gordinagoa da. Diskoaren lehen zati bikainaren parte dira Sinisten Dut erlijiosoa, Auhen belikoa eta Hiltegira Bidean antiespezista. Bakoitzak ñabardura propioak ditu, askotariko eraginen erakusgarri direnak. Bigarren zatian kantu zuzenak dira nabarmentzekoak. Diktadore Zintzoa egungo politikagintza instituzionalaren argazkia da, eta Ezin Du zartakoak ahalduntzea du helburu. Betirako Atsedena eta Agur –Aurreskuaren metal moldaketa– instrumentalek irudikatzen dute bukaera, eta zerbaiten hasiera.
Aske dira orain, emaitza plazaratuta. Libre dira entzuleak bere egiteko. Euskal Herrian argitaratu den metal disko esanguratsuetako bat da gipuzkoarren bigarrena. Hori ziurtatzeko asmorik gabe, askatasunez adierazi nahi nuke.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Maldito Digital.
Abesti zerrenda:
01. Aske
02. Pertsona, Terrorista
03. Sinisten Dut
04. Auhen
05. Hiltegira Bidean
06. Izua Su
07. Zurrunbiloa
08. Diktadore Zintzoa
09. Ezin Du
10. Betirako Atsedena
11. Agur