Gaur, urriak 31, Gau Beltzaren eguna da. Halloween izenez ezagunagoa den festak askotariko aldaerak sortu ditu, baita ere heavy metal doinuekin loturikoak. Horren eredu garbia da Bermeon egiten duten Halloween Metal Fest jaialdia.
Aurten, azaroaren 4an izango da, larunbatean. Lau taldek joko dute Bermeoko Kafe Antzokian: Vita Imana, Asgarth, Empire Of Disease eta Bolu2 Death.
Euskal Herriko metal jaialdiei buruzko bederatzigarren elkarrizketa laburraren bidez Helloween Metal Fest jaialdia hobeto ezagutuko dugu. Javi Garcia antolatzaileetako batekin aritu gara berbetan.
Noiz sortu zen Halloween Metal Fest jaialdia eta zergatik?
Bermeon sortu genuen 2008an. Spookypheria Productions elkarteko lau kideak izan ginen sustatzaileak: Iñigo Acha, Iraide Narbaiza, Fernando Martinez eta neu, Javi Garcia.
Gure jarduera guztien antzera, Halloween Metal Fest jaialdia antolatzeko ideia zerbait hartzen ari ginela okurritu zitzaigun 2007 edo 2008 urte inguruan. Acha Wackenera joan ohi zen, eta itzultzen zen bakoitzean esaten zigun oso ondo antolatua zegoela, eta jaialdi bikaina zela. Trago eta trago artean aipatzen genuen Bermeon horrelako zerbait antolatzea ederra izango litzatekeela. Eta horrela sortu zen Halloween Metal Fest jaialdia.
Zein helbururekin hasi zineten jaialdia antolatzen?
Hasiera batean, gure asmoa zen genituen bi zaletasun nagusienak uztartzea: zinema eta heavy metala. Are gehiago, Bermeoko Kafe Antzokian Metal: A Headbanger's Journey dokumentala proiektatu genuen lehendabiziko urtean. Aldiz, Instinct eta NoDrama taldeak aritu ziren zuzenean.
Bigarren edizioan, berriz, Iron Maiden taldearen Flight 666 dokumentala proiektatu genuen. Orduan konturatu ginen tabernako barra batek ez zuela funtzionatzen halako emankizunekin. Horregatik, soilik kontzertuetara mugatzea erabaki genuen.
Aurtengoa zenbagarren jaialdia izango da?
Azaroaren 4an antolatuko duguna 15. edizioa izango da. 2020koa bertan behera utzi behar izan genuen koronabirusarengatik, eta 2021ean neurri murriztaileekin ospatu genuen, eta soilik bi talderen kontzertuekin: Diabulus In Musica eta Elizabeltz.
Urte hauetan guztietan, jaialdiak nolako harrera izan du?
Egia esan, oso pozik gaude jendearen erantzunarekin. Normalean 250 lagun etorri ohi dira batez beste, nahiz eta pare bat edizio 450 pertsona baino gehiagokoak izan. Bermeoko jaialdi bat izanik, jendearen erantzuna oso ona dela iruditzen zaigu.
Talde esanguratsuen zuzenekoez gozatzeko aukera izan dugu: Crisix, Ktulu, Skunk D.F., Vita Imana, Vhäldemar, Rise To Fall, Quaoar, Ost, Killus, Childrain, Diabulus In Musica, The Wizards, Bullets Of Misery...
Epe ertain eta luzera zein asmo dituzue?
Gure helburua da jaialdiarekin aurrera jarraitzea, talde interesgarriak ezagutzea eta jendearentzako kartel erakargarriak antolatzea. Azaroan ahalik eta metalzale gehienak Bermeora etortzea nahi dugu. Gaur egungo egoerarekin, bertako eta estatuko taldeen aldeko apustuari eutsiko diogu. Nazioarteko taldeei ez diegu aterik ixten, baina momentuz horrela jarraituko dugu, lehen aldiko ilusio berarekin eta metalarekin gozatzen.