2022/07/18

Hopelessness banda bueltan da lan berri bat argitaratzeko

Gipuzkoako Hopelessness melodic death/doom metal taldeak Mukuru izeneko lan laburra argitaratuko du udazkenean. 2018tik entsegu lokalean aritu dira elkartzen eta su motelean abesti berriak konposatzen. EP berrirako horietako bost kantu grabatu dituzte Aimar Ibarzabal (Ilun Produkzioak) musikari eta teknikariarekin. Une honetan, zigilu baten bila dabiltza.

Ingelesa albo batera utzi, eta euskaraz zein latinez abestera pasa dira. Gainera, Igor abeslari ohiak grabatu ditu ahotsak. Izan ere, taldea egun lau kidek osatzen dute: Patxi (gitarra eta ahotsa), Pantus (gitarra), Aitor (baxua) eta Txemi (bateria).

Iraupen luzeko disko bakarra 2005ean plazaratu zuten, eta jarraian entzun dezakezue:

Hopelessness banda 2001ean sortu zuten Zumarraga eta Urretxu artean. Patxi gitarrista (Ihes Indar), Igor abeslaria (Unholy Pain) eta Txemi bateria (Ihes Indar) izan ziren sustatzaileak. Urtebete beranduago, Pantus baxu jotzaileak (Unholy Pain) bat egin zuen beraiekin, eta horrela osatu zuten hasierako taldea. Kontzertu batzuk eman ondoren, 2003ko azaroan Paradise of Sin maketa grabatu zuten. Aldiz, 2004an argitaratzearekin batera, Borjak (Unholy Pain) bat egin zuen laukotearekin. Baxuaren ardura hartu bere gain hartu, eta Pantus bigarren gitarrista izatera pasa zen.

Boskotea egonkortuta, kontzertu gehiago ematen hasi ziren Euskal Herrian eta Espainian. 2005ean Broken Tears in Solitude lehen diskoa grabatu zuten Idiazabalgo SoundSource estudioetan, Arkaitz Kakoren gidaritzapean. Lana aurkezteko zuzeneko bat eskaini ostean, 2007an banda desegitea erabaki zuten. Halere, hiru urte beranduago, 2010ean, berriz elkartu ziren taula gainera itzultzeko. Borjaren ordez, Raff baxu jotzaileak (The Nekrobabies) osatu zuen boskotea.

Kontzertu gutxi batzuk emanda, berriz ere banandu ziren 2012an. Horrela ere, bigarrenez itzuli ziren 2017an kontzertu berezi bat emateko. 2018an Raffek eta Igorrek banda utzi zuten, eta handik gutxira Aitor baxu jotzaileak (S.F.O.) bat egin zuen taldearekin. Ordutik, udazkenean kaleratuko duten Mukuru lan labur berria prestatzen aritu dira.

Hurrengo kontzertuak