Hopelessness - Mukuru

Hopelessness gipuzkoarrek hogei urteko ibilbidea egin arren, tamalez ez dute uzta oparoa eskaini. Batez ere, beraien bidea geldiunez josia egon delako. Argi dago, lehen eta orain metal proiektu bat aurrera eramatea ez dela kontu erraza. Zorionez, aldaketa batzuk medio, ez diote euren izenari ohore egin, eta 17 urte beranduago lan berri bat argitaratzea lortu dute.

Mukuru da bere izena. Bost abestiz osaturiko EP honek bere garaian indarra hartu zuen death metal melodikoan erroturikoa da. 2005eko Broken Tears In Solitude estreinakoarekin alderatuta, argi dago konposizioetan eta ekoizpenean aurrerapauso nabarmena eman dutela. Bestalde, nabarmentzekoa da doom metalaren eragina nabariagoa dela han eta hemen. Abestiek une batzuetan malenkonia eta iluntasun gehiago dute.

Errituala lehen kantak erakusten du gustu ona dutela gitarren melodia eta gehitzen dituzten pasarte atmosferiko erakargarriekin. Gitarrekin egindako lan bikainak beste adibide on bat du: Plenum Vacuum. Sorturiko melodiak bereizgarriak eta itsaskorrak dira. Bereziki gustuko dut erritmoari dagokionez abesti guztiek duten aniztasun puntua. Izan ere, erritmo berdintsuek zapuztu zuten estiloa iraganean. Halere, eurek sortu duten musikari dibertsitatea gehitzen diote. Ahotsetan ere lan ona egiten ahalegindu dira, death eta black metaleko ahotsak nahastuz. Salbuespena da Bidegurutzean abestia, ahots melodikoak dituelako.

Gipuzkoarrek argitaratu duten Mukuru lan berria goraipatu nahi nuke, lan bikaina egin dutelako abesti indartsu zein melodikoak sortuz. Era berean, oreka ederra lortu dute beraien musika osatzen duten osagaien artean. Ez dadila urte mordoxka bat pasa beraien lan berriaz gozatzeko.

Alain Gonzalez Artola


Diskoetxea: Basque Metal Country.

Abesti zerrenda:

01. Errituala
02. Punitio Perpetuum
03. Plenum Vacuum
04. Lur Atsekabetua
05. Bidegurutzean

Entzun:

Hurrengo kontzertuak