2022/09/26

Hopelessness: "Mukuru" lan berriaren xehetasunak

Urretxu-Zumarragako Hopelessness taldeak azaroan argitaratuko du Mukuru lan berria, Basque Metal Country zigiluaren bidez. Death/doom metal melodikoa jorratzen jarraitzen dute, eta ildo horretakoak dira bost abesti berriak.

Ingelesez abesteari utzi, eta euskaraz zein latinez dira kantak. Gainera, Igor abeslari ohiak grabatu ditu ahotsak. Izan ere, banda lau musikarik osatzen dute gaur egun: Patxi (gitarra eta ahotsa), Ion (gitarra), Aitor (baxua) eta Txemi (bateria).

Guztira, bost abesti ditu lan laburrak, eta Aimar Ibarzabal (Ilun Produkzioak) musikari eta teknikariarekin grabatu dituzte. Aldiz, Ramon Sanchez ilustratzaileak egin du azala, eta jarraian ikus dezakezue kantu zerrendarekin batera.

01. Errituala
02. Punitio Perpetuum
03. Plenum Vacuum
04. Lur Atsekabetua
05. Bidegurutzean

Hauxe duzue, lehen aurrerapena:

Hopelessness banda 2001ean sortu zuten Zumarraga eta Urretxu artean. Patxi gitarrista (Ihes Indar), Igor abeslaria (Unholy Pain) eta Txemi bateria (Ihes Indar) izan ziren sustatzaileak. Urtebete beranduago, Pantus baxu jotzaileak (Unholy Pain) bat egin zuen beraiekin, eta horrela osatu zuten hasierako taldea. Kontzertu batzuk eman ondoren, 2003ko azaroan Paradise of Sin maketa grabatu zuten. Aldiz, 2004an argitaratzearekin batera, Borjak (Unholy Pain) bat egin zuen laukotearekin. Baxuaren ardura hartu bere gain hartu, eta Pantus bigarren gitarrista izatera pasa zen.

Boskotea egonkortuta, kontzertu gehiago ematen hasi ziren Euskal Herrian eta Espainian. 2005ean Broken Tears in Solitude lehen diskoa grabatu zuten Idiazabalgo SoundSource estudioetan, Arkaitz Kakoren gidaritzapean. Lana aurkezteko zuzeneko bat eskaini ostean, 2007an banda desegitea erabaki zuten. Halere, hiru urte beranduago, 2010ean, berriz elkartu ziren taula gainera itzultzeko. Borjaren ordez, Raff baxu jotzaileak (The Nekrobabies) osatu zuen boskotea.

Kontzertu gutxi batzuk emanda, berriz ere banandu ziren 2012an. Horrela ere, bigarrenez itzuli ziren 2017an kontzertu berezi bat emateko. 2018an Raffek eta Igorrek banda utzi zuten, eta handik gutxira Aitor baxu jotzaileak (S.F.O.) bat egin zuen taldearekin. Ordutik, azaroan kaleratuko duten Mukuru lan labur berria prestatzen aritu dira.

Hurrengo kontzertuak