Oarsoaldeko Hostoak taldeak lan berria grabatu du Lezoko Txerrimuño baserrian. Hilabetetako lanaren emaitza bideoan ere jaso dute, Zigor eta Lander Garro anaien bitartez.
Laukote moduan argitaratuko duten aurreneko lanaren izenburua ere iragarri dute: Ostera. Aurretik, Estepako Otsoa diskoa eta Live in Iturriotz zuzenekoa plazaratu zituzten.
Lan berria "zeharo desberdina" dela aurreratu dute, "azkarragoa, krudelagoa... kañeroagoa". Horrela ere, izena ez aldatzea erabaki dute, eta baita horren arrazoia eman ere: "Musika sortzeko nahia eta xedea berdina delako. Guregan dagoen musika islatzeko grina, eta entzule bezala entzun nahiko genukeen musika egitea".
Horrez gain, abestietako batean Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Naiz Roxa, ...) abeslariak kolaboratu duela iragarri dute.
Lezoko Olmo Cascallar (Gamora ohia) musikariaren proiektu propioa da Hostoak. Iazko urtarrilean, banda berrosatu eta beste norabide bat hartzea erabaki zuen. Horretarako, hiru musikari batu zitzaizkion: Julen Lusar bateria jotzailea (Gamora ohia hau ere), Nikolas Yurramendi baxua eta Ekaitz B. Azpeitia abeslaria –aurreko aroko kidea ere bazena–.
Musikalki, rock progresiboa eta alternatiboa jorratzen zuten lehen, eta orain bestelakoa da jorraturiko ildoa. Zortzi sokako gitarren afinazio baxuarekin, post metal, post hardcore, djent eta prog metal doinuen alde egin dute abesti berrietan.