2023/01/03

Hostoak taldea eraldatuta itzuli da

Oarsoaldeko Hostoak banda zeharo berritu du Olmo Cascallar (Gamora ohia) musikariak. Proiektu propio gisara abiatu zuen abenturari beste norabide bat eman dio. Horretarako, hiru bidelagun batu zaizkio: Julen Lusar bateria jotzailea (Gamora ohia hau ere), Nikolas Yurramendi baxua eta Ekaitz B. Azpeitia abeslaria –aurreko aroko kidea ere izan zen–.

Boskote izatetik laukote izatera pasa dira, eta musikalki proposamena aldatu dute. Rock progresiboa eta alternatiboa jorratzen zuten lehen, eta orain bestelakoa da jorratu nahi duten ildoa. Zortzi sokako gitarren afinazio baxuarekin, post metal, post hardcore, djent eta prog metal doinuen alde egin dute abesti berrietan. Laukote berritua Lezoko Txerrimuño baserrian estreinatu zuten abenduaren 17an.

Cascallar eta Lusar elkartu ziren lehenik, eta bandak beste dimentsio bat hartu zuen. "Lehen diskoaren jarraipena guztiz konposatua banuen ere, Julenekin batera lokalean egindako lanaren ondorioz, biak ohartzen hasi ginen kanta zaharrekiko haustura ia erabatekoa zela", azaldu du Cascallarrek berak. "Horrela, aurreko materiala guztiz baztertu dugu, eta espreski oraingo taldearekin garatutako abestiak izango dira entzungai zuzenekoetan. Izena ere aldatzea pentsatu genuen, baina Ekaitz abeslari moduan bueltatzerakoan erabaki genuen Hostoak gisa jarraitzea. Guztiz desberdina bada ere, hasieran garatu nahi genituen musikaren eta gaien eboluzio bat delako".

Estreinako diskoa kontzeptuala izan zen, eta aro berriko bigarrenak "askoz gertuagotik" eragiteko asmoa du. "(Auto)kritika soziala, ekologismoa, eta, oro har, egun bizi dugun egoerarekiko inkonformismoa dute hizpide abestiek", dio Cascallarrek. Iraupen luzeko lan batean bilduko dituzte kanta berriak, eta horiei forma ematen dihardute.

Aurrerapen moduan eta primizian, Plastikozko Itsasoa abestiaren zirriborroa entzun dezakezue:

Hurrengo kontzertuak