2024/07/16

Hostoak taldearen zuzeneko aurrerapena airean da

Oarsoaldeko Hostoak post metal laukoteak Ostera lan berriaren lehen aurrerapena erakutsi du: zuzenean grabaturiko Airean abesti berria.

Lezoko Txerrimuño baserrian grabatu zuten Zigor eta Lander Garro anaien gidaritzapean. Jarraian ikus dezakezue bideoa.

Ostera laukote moduan argitaratuko duten aurreneko diskoa izango da. Une honetan, estudioan grabatzen ari dira, pixkanaka eta su motelean. Abestietako batean Iñaki Altolagirre Matxet (Jousilouli, Naiz Roxa, ...) abeslariak kolaboratu du.

Lan berria "zeharo desberdina" dela aurreratu dute, "azkarragoa, krudelagoa... kañeroagoa". Horrela ere, izena ez aldatzea erabaki dute, eta baita horren arrazoia eman ere: "Musika sortzeko nahia eta xedea berdina delako. Guregan dagoen musika islatzeko grina, eta entzule bezala entzun nahiko genukeen musika egitea".

Lezoko Olmo Cascallar (Gamora, Criminal ohia) musikariaren proiektu propioa da Hostoak. Orain arte, Estepako Otsoa iraupen luzeko lana eta Live in Iturriotz zuzenekoa plazaratu dituzte. 

Iazko urtarrilean, banda berrosatu eta beste norabide bat hartzea erabaki zuen Cascallarrek. Horretarako, hiru musikari batu zitzaizkion: Julen Lusar bateria jotzailea (Gamora ohia hau ere), Nikolas Yurramendi baxua eta Ekaitz B. Azpeitia abeslaria –aurreko aroko kidea ere bazena–.

Musikalki, rock progresiboa eta alternatiboa jorratzen zuten lehen, eta orain bestelakoa da jorraturiko ildoa. Zortzi sokako gitarren afinazio baxuarekin, post metal, post hardcore, djent eta prog metal doinuen alde egin dute abesti berrietan.

Hurrengo kontzertuak