Urte batek askorako ematen duela argi utzi du Bizkaiko In Thousand Lakes taldeak. Iazko otsailean Age of Decay estudioko bigarren diskoa argitaratu zuten, eta abenduan, berriz, Proteus singlea. Bi argitalpenak nabarmentzea ez dago denboraz kanpo. Batez ere, death metal melodikoa gurean jorratu zuten aitzindarien kuadrillakoak direlako Dormanth bandarekin batera.
Iraganean eta zertxobait ahanzturan geratu da 1998an atera zuten Lifeless Waters... estreinako diskoa. Urte berean banandu ziren, eta 2013an aro berri bati hasiera eman zioten bilbotarrek. Urteetako etenaren ostean, erritmoa hartzea kostatu zitzaien. Horregatik, 2014an aurkeztu zuten Martyrs of Evolution itzulera EP laburrari zerbait falta zaio. Sormen eta ekoizpen aldetik erdibidean geratu ziren.
Benetako maila Age of Decay bigarren diskoarekin berreskuratu dute. Entsegu lokalean pasatako denborak eta hainbat kontzertu eskaini izanak mesede egin die konposatzerako orduan. Garai bateko esentzia hori bilatu eta aurkitu dute. Death melodikoaren oinarria nabari da kantuetan, berritzaile izatera iritsi gabe. Baina bai, beraien izaera atzeman daiteke.
Death Train lehen kantuaren erritmoarekin bizkor eta aise pasatzen da diskoa. Sustrai klasikoari eutsi diotela erakusten dutenak hainbat dira, baina adierazgarrienak bi: Fall into the Void eta Blind Eyes. Hau da, Dark Tranquillity eta In Flames ezagunen hastapenak presente dituzte. Estiloari beste joera bat topatu dioten taldeen eragina ere nabari da. True North eta Ethereal abestietan Amon Amarth ospetsuen esentzia topa daiteke.
Gehigarri moduan Proteus kantu berriena ere aipatzekoa da. Aipaturiko diskoaren ildoa jarraitu dute eta garai berriko biribilena dela esan daiteke. John Merrick Elefante Gizonaren istorioa kontatzen du, eta melodia zein egiturak aproposak topatu dituzte horretarako. Sormen onaren bidetik jarraitzea opa diegu.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Xtreem Music.
Abesti zerrenda:
01. Death Train
02. Fall into the Void
03. I Rise
04. True North
05. Age of Decay
06. Hunter of Souls
07. Blind Eyes
08. Ethereal
09. Vanished
10. Wolfzeit
11. 4 Walls (Scars)
Entzun: