Sopelako Inkestas Rock Festibala gurean antolatzen den rock eta metal jaialdi beteranoenetako bat da. Gaur eta bihar egingo dute askotariko egitarau akustiko eta elektrikoarekin. Aurten ondorengo talde eta bakarlariak ariko dira zuzenean, azken orduko aldaketaren bat tarteko: Celeste, The Wizards, Rosy Finch, Neila, Ikarass, Cruzeiro, The Covenant, Holy Rippers, Arnau Coderch eta Aseloth.
Lagunartean sorturiko jaialdiari jarraipena eman zion Igor Etxebarria musikari zein eragileak, eta gaur egunera arte iritsi da kresal usaineko muturreko doinuen proposamena. Euskal Herriko metal jaialdiei buruzko bosgarren elkarrizketa laburrerako Etxebarriarekin hitz egin dugu.
Noiz eta zergatik sortu zenuten Inkestas Rock Festibala?
2006an urtebetetze ospakizun batean sortu zen jaialdia. Lagunen arteko zerbait izan zen, Inkestasko zelaietan, jaima batekin, sorgailu batekin eta izotz eta garagardoz betetako kubo batekin. Hurrengo urtean jende gehiago animatu zen urtebetetzera, eta gaur egun arte (barrez).
Jaialdiaren sorrera naturala izan zen. Jendea talde ezberdinetan jotzen hasi zen, eta ondo pasatzeko aitzakia izan zen. Pixkanaka, inguruko beste talde batzuk gonbidatu ziren eta, azkenean, Uribe Kostako eta inguruko taldeak ezagutzeko aukera paregabea zela ikusi genuen.
Inkestas izenak zerri egiten dio erreferentzia edo zein da bere esanahia?
Esan moduan, lehen urtebetetze festa ospatu zen gunea Ingestako itsaslabarra gisa ezagutzen da, nahiz eta guk beti Inkestas moduan ezagutu dugu. Beraz, hortik dator jaialdiaren izena.
Jaialdiaren atzean elkarteren bat dago?
Ez. Hasieran, hondartzako lagunen kuadrillak berak antolatzen zuen. Ni tartean nenbilen laguntzen, eta, azkenean, ni bakarrik geratu naiz antolakuntzarekin. Halere, herriko jende askoren laguntzarekin, eta hori gabe ezinezkoa izango litzateke jaialdia aurrera eramatea.
Gaur egun arte zenbat edizio antolatu dituzue?
Aurtengoa hamalaugarrena da. 2006an egiten hasi zenetik soilik ez zen egin 2018an –Sopelatik oso gertu beste jaialdi bat antolatu zelako–, eta 2020an eta 2021ean –COVIDarengatik–.
Zein da jaialdi honen helburua?
Herriaren aldeko festa bat egitea da helburua, muturreko underground musikarekin. Bertako eta inguruko taldeei agertoki handi batean jotzen uztea eta, azken urteetatik, Europako jaialdi handietan jotzen ari diren nazioarteko taldeei laguntzea.
Eta orain arte izandako harrera nolakoa da?
Pixkanaka gero eta jende gehiago hurbiltzen ari da. Europako taldeak ekarrita, izen pixka bat hartzen du jaialdiak, eta Kanariar Uharteetatik, Valentziatik, Jaendik, Nafarroatik, Gasteiztik, Madrildik, Bartzelonatik, Iparraldetik... jendea etortzera animatzen du. Oro har, undergroundeko jendeak jaialdiari buruzko kontzeptu ona duela uste dut, musikaren inguruko topagune baten modukoa delako eta jendearen artean oso harreman ona sortzen delako.
Epe ertain edo motzera, zeintzuk dira zuen asmoak?
Oraingoz, jaialdiaren ideia ez da asko aldatuko. Kanpoko taldeak eta bertakoak nahasten saiatuko gara. Gehiegi aldatuko balitz, ez litzateke Inkestas Rock Festibala izango.