IONT - II

Begi bakarrarekin so ageri da. Izaki beldurgarria da azalerako Paul Urkijo zinema zuzendari eta artistak egindako ilustrazioa. Gasteizko IONT —Its Over Nine Thousand siglen laburdura hobetsi dute— taldeak bigarren diskoa argitaratu du; munstro bilduma bat. Azaletik hasita mamira forma guztietako munstroak, bizitzaren metaforak, dituzte hizpide laneko bederatzi kantuetan.

Hamarkada beteko du laster talde arabarrak. Entsegu lokalean elkartu ziren esperientzia berri bati hasiera emateko, inolako asmo berezirik gabe. Lehen grabazioa osatuta Gauekoak gazteentzako programaren lehiaketan parte hartu zuten 2012an, eta lehen saria eskuratu zuten. Ordea, Javier Maroto alkateak programara bideratutako dirua kendu zuen aurrekontuetatik. Espainiako hauteskundeen ostean, bera da saririk gabe geratu dena. Harrera onak salbatu zuen gasteiztarren ilusioa, eta eskerrak. Izan ere, gurean sorturiko euskarazko metal alternatiboa azpimarratzekoa da. 1990eko hamarkada erdialdean oihartzuna izan zuten PILT, Ekon eta Jousilouli taldeek. Dena dela, orduko disko eranguratsuenetakoa Berri Txarrak gazteek kaleratu zuten Ikastenizan zen. Ez da azaldu beharrik gerora izan duten bilakaera eta arrakasta. Horiek hasitako bidearekin bat egiten du IONTek.

Melodia gehiago eta oinarri sendoagoa. Gasteizko laukotearen bigarren lanak hobeto biribiltzen ditu ertzak. Eragin zerrenda gizendu dute metal eta rock proposamen bereizgarria osatzeraino. Rocka presente dute, post-hardcorea ere bai, eta baita ñabardura progresibo zainduak ere. Antiheroia lehen kantu ibiltariarekin hasten da dena. Erritmoekin jolastuz Mikelen ahotsak bidea egiten du lauso zein oihuka. Ikaro luzeagoa eta bihurriagoa da, "abiadura supersonikoa" hartzen duelako. Munstro jakin bat omendu dute Franki abestian, beraien erara. Diskoaren bigarren zatia indartsu hasten da. Fenix ezin aproposagoa da horretarako. Gitarrak gihartsuak dira, eta erritmoa zapaltzailea, ahotsarekin topo egiten duen arte. Jarraian dator irrati formuletarako hautatuko luketen kantua. Piztia da azalean ageri dena, eta hori bera da diskoko harribitxia. Akiles eta Hira dira bilduma interesgarri honen bukaera osatzen dutenak. Melodietan oinarritzen dira, ahotsik urratuenak ageri badira ere. Deabrukeriez, ekaitzaren ostekoez eta beste hainbat kontuz hitz egiten dute. Lehiaketa berririk ez dute irabazi beharrik oihartzun pixka bat izateko. Benetako saria litzateke lerro hauen irakurle batek erabakitzea entzule izatea.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Berria egunkarian argitaratutako iruzkina.


Diskoetxea: Cosmic Tentacles

Abesti zerrenda:

01. Antiheroia
02. Ikaro
03. IONT-ak
04. Franki
05. Erantzuna
06. Fenix
07. Piztia
08. Akiles
09. Hira

Hurrengo kontzertuak