Lizarrako Irkaia bandak desegitea erabaki du. Sare sozialetan eman dute erabakiaren berri, eta ohar bat plazaratu dute arrazoiak azaltzeko. Jarraian irakur dezakezue:
"Aupa peña, publikazio hau idazten dugu Irkaiaren amaiera iragartzeko. 8 urte izan dira gora eta behera, baina guztira ia 20 urte daramatzagu elkarrekin musika egiten, eta gelditzeko erabakia hartu dugu. Ez dugu itzuliko garela esango. Itzuliko ez garenik ezta ere. Ez Irkaia, edo beste proiektu bat bezala. Baina ziur gaude, musikari lotuta jarraituko dugula. Mila esker urte hauetan guztietan lagundu gaituzuen guztioi, eta bereziki, gure bigarren CDaren crowdoundingean parte hartu zenutenei. 2023 hau Irkaiaren azken zuzenekoak emateko aprobetxatuko dugu, beraz, gu eszenatokian ikusteko azken aukerak izango dituzue. Animatu! Beti arte!".
Agurreko lehen kontzertua maiatzaren 13an izango da euren herrian, Lizarran bertan. Gainerako daten berri aurrerago emango dute.
Nafarrek metala, hardcorea eta elektronika nahastuta eta euskaraz abestuta lortu dute zeresana ematea. Zortzi urtutan bi disko eta single batzuk argitaratu dituzte. Irkaia estreinako lana 2017an kaleratu zuten –hemen irakur dezakezue gure kritika–, eta Ideiekin Liskarretan bigarrena 2021ean –hemen duzue lan honen kritika ere–. Boskotea elkarrizketatzeko aukera izan genuen 2021ean, eta orduan aitortu ziguten pandemian uztear izan zirela. Azkenik, hori da egingo dutena.