Itinerum - Dream and Fly

Ametsak egia bihurtzeko ez da ezinbestekoa hegan egiten jakitea. Ruben Conejo musikari arrasatearrak lortu du Itinerum bakarkako proiektuarekin. Lined melodeath taldeko bateria jotzaileak bestelako norabidea hartu du abentura propioan. Emakume ahotsdun metal gotikoa gustuko duela agerian utzi du Dream and Fly estreinako diskoarekin. Musikari aproposen laguntzarekin osatu du, zuzenekoetako taldea beste bat izango den arren.

2021. urtearen hasieran taldekide bila hasi zen Conejo, eta Pedro J. Mongerekin jarri zen harremanetan. Hasiera batean, Patxi Luque gitarristaren eta Iker Hervas (Usuales) bajistaren laguntza izan zuen. Garai hartan, Monica abeslariak bat egin zuen bandarekin, baina gutxira utzi zuen. Orduan, J. Mongek proposatu zion Leire Tejada kantariak grabatzea diskoko ahotsak. Bitxikeria moduan, Tejada eta J. Monge senar-emazteak dira. Grabazioa bukatuta, Tejadak berak Nell abeslariari utzi zion lekua, eta laukotea beste bi musikarik osatu zuten: Matias gitarristak eta Jorge Banobre bajistak.

Entzunerraza eta erakargarria da Dream and Fly. Sortzaile eta gidariak amesturikoa bada, pozik egoteko arrazoiak ditu. Italiako Lacuna Coil ezinbestean gogora ekartzen duen lana bada ere, gitarren zein sintetizadoreen lanketa aberatsagoa eta melodikoagoa da. J. Mongeren ekoizpena nabarmentzekoa da, Tejadaren ekarpena bezainbeste. Sarrera aintzat hartu gabe, diskoko bederatzi abestiak maila onekoak dira. Eternal Night eta Dream and Fly dira aipaturiko etiketaren adibide garbienak. My Energy da argitsuena eta borobilena, eta My Passion desberdinak (eta Battle Beast kutsukoak) belarriak goxatu eta gerriak mugituko ditu.

Euskal Herriko metal gotikoaren diskografia zerrenda laburrekoa bada ere, talde eta lan interesgarriak aipa daitezke. Esaterako, Melancholic Demise gipuzkoarrak eta Tight Leash bizkaitarrak. Hain zuzen ere, azken hauen antzekoa da Itinerum. Beraz, pozgarria da gurean horrenbeste jorratu ez den azpigenero bat suspertu izana.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Demons Records.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Eternal Night
03. A New World
04. Storm
05. My Energy
06. Dream and Fly
07. False Words
08. In Our Hearts
09. My Passion
10. You're Not Alone

Hurrengo kontzertuak