Gipuzkoako Itinerum symphonic metal banda bigarren diskoaren grabazioa bukatzen ari da. Berriz ere, Asuako Chromaticity Studios-etan ari dira lanean Pedro J. Mongeren gidaritzapean. 2025eko udaberrirako kaleratzea aurreikusten dute.
Aurrerapen moduan, Inequality lehen singlea plazaratu dute bideoklip baten bidez. Iñigo Lopez eta Igor Cruchaga dira egileak.
Dream and Fly (Demons Records) estreinako diskoa 2023ko urtarrilean argitaratu zuten, eta lan horren inguruko kritika hemen irakur dezakezue.
Hain zuzen ere, lan hori aurkezteko bi kontzertu dituzte aurreikusita. Irailaren 27an Bilboko Mytho aretoan izango dira Sweet Rage eta The Guardians taldeekin batera. Azaroaren 22an, berriz, Portugaleteko Groove aretoan joko dute.
Itinerum taldeari dagokionez, 2021. urte hasieran sortu zuen Ruben Conejo (Lined) musikari arrasatearrak. Taldekide bila hasi, eta Pedro J. Mongerekin jarri zen harremanetan. Hasiera batean, Patxi Luque gitarristaren eta Iker Hervas (Usuales, Lined ohia) baxu jotzailearen laguntza izan zuen. Ondoren, Monica abeslariak bat egin zuen bandarekin, baina gutxira utzi zuen. Orduan, Pedrok Rubeni proposatu zion Leire Tejada abeslariak grabatzea Dream and Fly diskoko ahotsak. Grabazioa bukatzean, Nell abeslariarekin topo egin zuten, eta taldearekin bat egin zuen. Gerora, Luquek uztea erabaki zuen, eta haren lekua Matias gitarristak hartu zuen. Orduko laukotea, berriz, Jorge Banobre baxu jotzaileak osatu zuen.
Dena dela, aldaketa gehiago izan zituen bandak, eta egungo lau musikariak hauek dira: Anne (ahotsa), Fede (gitarra), Jorge (baxua) eta Ruben (bateria).