Izan Bai - Dena galdu baino lehen

Esan eta izan. Ixak Arruti musikari usurbildarra atzera begira jarri da aurrera egiteko. Heavy metal eta hard rock izaera berreskuratu du Izan Bai taldearekin. Proiektu pertsonal gisa abiatu bazuen ere, hurbileko musikariekin osatu du. Mendeku Itxua eta Izeberg banda ohiak presente daude abesti berrietan, baina nabari da musikalki hazi egin dela azken urteotan.

Musikagintza propioa du Arrutik, rock gogorra ulertzeko era bat. Etxeko zein kanpoko klasikoen eragina ezkutatzeko beharrik ez dauka. Melodiak ditu bereizgarri eta ikur. Ezaugarri horiekin eraiki du Dena galdu baino lehen estreinako diskoa. Aldiz, irabazteko gehiago dauka galtzeko baino. Batez ere, hasi eta buka gustura entzuten den kantu sorta delako.

Bederatzi piezak ezin dira zaku berean sartu. Erritmoa azkartu eta mantsotzen dute gehienek, baina egitura zein pasarte desberdinak tartekatuta. Euskal heavya aldarrikatzen dutenak dira Izan Bai adierazgarria, Heriotz minez borobilena eta Onarpen eske iradokitzailea. Thrash kutsu gehien duena da Sustraiak egarri iratzargailua —adi letrari—, eta hard rocketik dute gehiago Barne borroka apartak eta Sutan nago irisgarrienak. Sentituenak, berriz, Dudan dena zugatik ederra eta Dena galdu baino lehen existentziala zein pausatua dira.

Esan moduan, sortzailea ez dago bakarrik. Batetik, Mendeku Itxua taldea konpartitu zuen Martin Larrañaga bateria jotzailea du alboan. Bestetik, Ibon Aginaga (Soa, Kraussk ohia) gitarrista eta lagun zaharra, eta Urtzi Olaziregi (Kudai ohia) baxu jotzailea. Laukote jatorra osatu dute diskoko abestiak taula gainera eramateko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Barne borroka
02. Izan Bai
03. Heriotz minez
04. Damuaren dama
05. Sustraiak egarri
06. Sutan nago
07. Onarpen eske
08. Dudan dena zugatik
09. Dena galdu baino lehen

Hurrengo kontzertuak