Gipuzkoako Izan Bai heavy metal bandak datorren urte hasieran argitaratuko du estreinako diskoa. Aurrerapen moduan, dagoeneko bi abesti aurkeztu dituzte, eta Sustraiak egarri da bigarrena.
Beste behin ere, Kuku Maitia arduratu da kantaren bideoklipaz, eta jarraian ikus dezakezue:
Zumaiko Ozen estudioan grabatu dute lana, eta bederatzi abesti izango ditu. Aurretik, Barne borroka lehen singlea plazaratu zuten.
Izan Bai taldea Ixak Arruti (Mendeku Itxua, Izeberg) abeslari eta gitarristaren abentura berria da: "Musikalki, etxera bueltatzearen antzekoa izan da. Sustraietara itzuli naiz. Izan ere, proiektu honek heavy metala du oinarri, baina azken urteotan jasotako esperientzia aberasgarriaren eta heldutasun musikalaren emaitza da".
Lagun zein musikari onez inguratu da: Martin Larrañaga (bateria), Ibon Aginaga (gitarra) eta Urtzi Olaziregi (baxua). Aipaturikoen curriculuma ere ez da nolanahikoa: Mendeku Itxua, Soa, Kraussk, Hira eta Kudai, besteak beste.