Izatefaltsua - Amorru Bizia

Pandemiak musikagintza ere astindu du, baina argitalpenen emaria ez du agortu. Amurrioko Izatefaltsua taldeak, beste hainbaten antzera, COVID-19aren eraginak jasan ditu. Amorru Bizia hirugarren diskoa grabatzen ari zirela ezarri zuten konfinamendua, baina normaltasun berriaren aroan lortu dute emaitza kaleratzea. Beste batzuek nahiago izan dute dena atzeratzea, egiazko normaltasun batean emateko pausoa. Bizi dugun garaiak, ordea, musika behar du, zuzeneko emanaldiak iristen diren arte.

Hortzak erakutsiz aurrera egitea erabaki dute arabarrek. Orain arteko errepertorio zainduena eta indartsuena plazaratu dute. Metal alternatiboaren irakurketa propioa da eurena, eta diotenez lan berriarekin proposamena are gehiago lantzen eta zehazten ahalegindu dira. Nu metal zein metal kutsuko rockaren egitura arruntetatik harago jo dute, eta doinu gogor bezain modernoen zakutik elementu gehiago hartu dituzte. Nabarmen egin dute hobera, sormenean eta ekoizpenean. Abestiek merezi duten soinua topatu dute Egoitz Palaciosekin Sustraiak Records estudioetan, eta Iker Bengoaren eskuetan (Silverstar Studios).

Sei dira kantu berriak, nahiz eta guztira zortzi diren. Sarrerak eta Adi kantuaren moldaketak osatzen dute zerrenda. Hain zuzen ere, lehendabiziko laneko kantu hori eguneratzea erabaki dute denboran izandako eboluzioa erakusteko. Hiru minutu inguruko abestiak dira, betelanak albo batera utzita. Zirkua izan zen aurrerapen singlea, bideoklip batekin aurkeztu zutena. Iñigo Bengoaren (Childrain) parte hartzeak pieza hauspotzen du. Euskaraz gehiagotan abestu beharko luke.

Metal doinuen zein aldarte gustuko dituzten islatu dute kolaboratzaileekin. Izan ere, Hil Zorian abestian Sergio Ruizek (Eraso!) jarri du ahotsa. Riff erasokorren kontrapuntu aproposa da. Gordinagoak dira Ikasgai Gogorrak eta Entzun zapaltzaileak. Aldiz, betidanik mantendu duten izaera moderno gaurkotuaren ondorio dira Amorru Bizia eta Sustraiak. Joera oldarkorragoaren alde egin dute hirugarren lanean, eta badirudi hori dela bilatu dutena. Gaur egun panorama ikusita haserre dabilenak gustura hartu du diskoa; amorru biziz garrasi egiteko.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Auto-ekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Zirkua
03. Amorru Bizia
04. Sustraiak
05. Ikasgai Gogorrak
06. Entzun!
07. Hil Zorian
08. Adi 2.0

Hurrengo kontzertuak