Amurrioko Izatefaltsua metal bandak hilabete honetan argitaratuko du Amorru Bizia hirugarren diskoa. Zortzi kantu izango ditu, eta Zirkua da aurrerapen singlea. Childrain taldeko Iñi Bengoa abeslariak parte hartu du.
Azala eta kantu zerrenda topatuko dituzue jarraian. Diseinuaz Barkatuama estudioko Ruben G. arduratu da.
01. Intro
02. Zirkua
03. Amorru Bizia
04. Sustraiak
05. Ikasgai Gogorrak
06. Entzun!
07. Hil Zorian
08. Adi 2.0
Burubio Kultur Elkarteko Sustraiak Records estudioetan grabatu dute lana Egoitz Palacios teknikariarekin. Nahasketez eta masterizazioaz, berriz, Iker Bengoa (Childrain) arduratu da bere Gasteizko Silverstar Studios-etan.
2004ko udan sortu zuten Izatefaltsua taldea. Jorratzen duten musika metal astuna dela diote, askotariko doinuak nahastuta: melodikoa, hardcorea, nu metala eta thrash metala. 2005eko martxoan lehen maketa grabatu zuten, eta urte bereko ekainean Nerbioi Garaiko I. Maketa Lehiaketaren lehen saria eskuratu zuten. 2008ko urrian Adi! estreinako diskoa argitaratu zuten, eta 2015eko apirilean Zaratak Agindu Dezan! bigarren lana. Ordutik ehun kontzertu baino gehiago eman ditu boskoteak, besteak beste, ondorengo taldeekin batera: Berri Txarrak, Anestesia, Kop, Governors, Willis Drummond, Eraso! eta Childrain. Gaur egun, ondorengo bost musikariek osatzen dute: Koldo (gitarra eta koroak), Sagu (bateria), Beñat (gitarra eta koroak), Rubi (ahotsa) eta Lander (baxua).