Izei - Izei

Ezkutuan zuena azaleratu du Azpeitiko Izei taldeak, zazpi kantuko lan labur baten bidez. Segabathor, Vostok 108 eta Arantzetan bandetan ibilitako lau musikarien abentura berriena da. Beraz, ezin esan hasiberriak direnik. Pello Arribas abeslariak eta Joseba Izagirre gitarristak denbora daramate musikagintzan. 2017an elkartu ziren Aitzol Etxaniz baxuarekin eta Aritz Unanue bateriarekin Izei aurrera eramateko.

Aipaturiko banden eraginak nahastearen eta jostearen emaitza da estreinako lana. Hau da, rocketik metalera eta metaletik rockera doan bidea jorratu dute. Hasiera batean, ez zuten lan laburra formatu fisikoan argitaratzeko asmorik. Halere, abestiak erakutsi eta hedatzea erabaki dute. Estimatzekoa da hori egin izana, besteak beste, heldutasuna islatzen dutelako beraien konposizioek. Baita soinuak ere. Arribasek abeslari gisa ez ezik, ekoizle moduan ere lan txukuna egin du.

Euskarazko sei abesti eta ingelesez kantaturiko bat. Fisikoan guztiak batera jaso badituzte ere, plataforma digitaletan bereizita topatuko dituzue. Denak entzun orduko, agerikoa da beteranoek asko zaindu dituztela melodiak, hitzak, erritmoak eta konponketak. Erokeria aurreneko piezak ondo islatzen du aipaturikoa. Ihes zein Hurt lasaien eta Eskizofrenia zein Zauriak indartsuen arteko kontrastea ere esanguratsua da. Izaera alternatiboa erabat barneratu dute. Eta, orain, bestelakorik azaleratuko dute?

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Erokeria
02. Esaidazu
03. Izar Libre
04. Ihes
05. Eskizofrenia
06. Zauriak
07. Hurt

Hurrengo kontzertuak