Eskoriatzako Jasan rock/metal taldeak iraupen luzeko lehenengo lana aurkeztu du. Ia hiru urteko lanaren emaitza dela aitortu du laukoteak. Eibarko Legarrec estudioan grabatu zuten Walter Tuzzeo teknikariarekin. Guztira, bederatzi abesti ditu eta horietako bat Mikel Laboaren Kantuz kantaren moldaketa da.
01. Ito arte hazi
02. Arrakala
03. Biziko da
04. Ezinarekin dantzan
05. Urratu arte
06. Kantuz
07. Heuretik jo
08. Taupada bat, lurrikara
09. Piztiarena
Kanta guztiak sarean entzun ditzakezue. Jorratzen duten musikaren eredu moduan, hemen duzue horietako bat.
2015eko udan sortu zuten Jasan banda Garikoitz Barandiaran, Asier Mongelos eta Ixak Sarasua gazteek, Eskoriatzako gaztelekuak lokala utzi zietenean. Gaztetxoak ziren orduan, 15-16 urte, rocka eta metala gustuko zuten hiruek, eta gustatzen zitzaizkien abestiak jotzen eta sorkuntza txiki batzuk egiten hasi ziren. Urte hartako abenduan euren lehen kontzertua jotzeko aukera sortu zitzaien, eta abestien sorkuntza alde batera utzita, bertsio sorta bat eskaini zituzten Oñatiko gaztelekuan, 2015eko abenduaren 30ean. Beste kontzertu batzuk eman osyean, Jokin Uribetxebarria sartu zen taldera 2016. urte bukaeran. 2017ko udan maketa bat grabatu zuten hiru abesti eta Itoiz taldearen bertsio batekin, eta kontzertu batzuk ematen ibili ziren han eta hemen. 2020ko udan, pandemia betean, lehen diskoa grabatzen hasi ziren Eibarko Legarrec estudioan Walter Tuzzeo teknikariarekin. Ordutik, pandemia, ikasketak eta bestelakoak tarteko, diskoa bukatu ezinda ibili dira. Azkenik, ordea, 2023ko maiatzaren 26an argitaratu zuten diskoa, eta ekainaren 3an aurkeztu zuten Arrasateko gaztetxean.
Biografian azaldu moduan, lau musikarik osatzen dute taldea: Asier Mongelos (gitarra), Gari Barandiaran (bateria), Ixak Sarasua (gitarra eta ahotsa) eta Jokin Uribetxebarria (baxua).