Judash - Judash

Txanpon gutxi batzuen truke, zenbat Judas ezagutzen dituzue? Judas Iskariote apostolu zitala da ospetsuena, eta badira beste bi heavy metalari lotuak. Nazioartean, Judas Priest da ezagunena, eta, Euskal Herrian, Judas Argarate. Dena dela, izena aldatu eta Judash izenpean kaleratu zuten iaz estreinako diskoa. Eibarkoek erakutsi dute euskal heavya eta euskal rock erradikala uztartu daitezkeela.

Bitxia da beraien historia. Iker Amutxastegi laguna zendu ondoren, lau lagunek elkartzea erabaki zuten 2017an. Carlos Balseiro (PAM, Julio Kagueta...) Markel Iraola, Joseba Goñi eta Hodei Otegi —Arnaldo Otegiren semea—. 2018an eman zuten lehen kontzertua Elgoibarko sotoan, Amutxastegi omentzeko. 2021ean Balseirok banda utzi, eta Ekaitz Vegas (Ekinozio, On) sartu zen taldera.

Estreinako diskoa pasa den urtean kaleratu arren, 2023an hasi ziren grabatzen, eta Walter Tuzzeo arduratu behar zen nahasketaz. Tamalez, ordea, soinu ingeniaria iazko martxoan zendu zen. Azkenik, Axular Arizmendik nahastu zuen Mutrikuko AME estudioan, eta Baionan masterizatu zuen Paxkal Etxeparek. Atzerapenak atzerapen, itxaronaldiak merezi izan zuela esan genezake.

Sarrera bat eta hamar abesti ditu diskoak, eta entzulea ezustean harrapa dezake. Batez ere, gai direlako heavy metala, hard rocka, kaleko rocka eta punk rocka nahasteko. Euskarazko eta gaztelaniazko kanta deigarriak dira: kritikoak (Bizi, Lapurtzen, Gerra), zuzenak (Dispara, Nostalgia), eta baita bihurriak (Judas) ere. Hammond eta teklatuen presentzia da esanguratsuena. Traidoreak ez bazarete, entzun ezazue.

Inaxio Esnaola Aranzadi


Diskoetxea: Autoekoizpena.

Abesti zerrenda:

01. Intro
02. Bizi
03. Lapurtzen
04. Dispara
05. Metalmorfosia
06. Balkop
07. Judash
08. Nostalgia
09. Gerra
10. Askaturik
11. Hil

Hurrengo kontzertuak