2023/06/15

Kabiefest: "Ezkerraldean heavy metal jaialdi bat behar genuen"

Santurtziko Kabiefest jaialdia bigarrenez egingo dute bihar eta etzi –ekainaren 16an eta 17an–. Hamar talde ariko dira zuzenean, eta doakoa izango da. Ostiralean, Kritter, Docka Pussel, All This Chaos, Budasam eta Mala Decisión taldeek joko dute. Larunbatean, berriz, Lepoka, Dünedain, Legion, Against Myself eta The Broken Horizon.

Euskal Herriko heavy metal jaialdien loraldia dela eta, bakoitza ezagutzeko elkarrizketa laburrak egiten ari gara. Hauxe duzue, bigarrena, Kabiefesten antolatzaileei egindakoa.

Noiz sortu zenuten Kabiefest jaialdia, eta zergatik?

Kabiefest 2022an sortu genuen, Santurtziko Kabiezes auzoan. Buenavista Metal Fest jaialdiaren jarraipena izan zen, Portugaleteko Buenavista auzoan egiten zena. Ezkerraldean heavy metal jaialdi bat behar genuen. Beti beste herri batzuetara joan behar izaten genuen gustuko dugun musikaz gozatzeko.

Lau urtez egin zen jaialdia Buenavistan, eta oso harrera ona izan zuen. Jaialdiarekin jarraitzeko baldintzarik ez zegoenez, Kabiezesera joateko aukera izan genuen. Horrela, iaz, Kakul Elkartearekin batera, Kabiefesten lehen edizioa antolatu genuen.

Dena dela, Köma Musik Elkartea da Kabiefesten antolatzailea.

Kakul elkartea antolakuntzatik atera zenez, aurten elkarte bat sortzea erabaki genuen, jaialdia aurrera eramateko. Horrela, Köma musik elkartea sortu genuen, kudeaketa guztiak egin ahal izateko. Izan ere, Kabiefest jaialdiaz gain, Kabeerzes izenekoa ere antolatzen dugu. Zuzeneko musikari lekua egitea da gure helburua, bestelako ekitaldi mota batzuekin uztartuta.

Zenbat kidek osatzen duzue elkartea?

Zazpi pertsona gara, eta horietatik ordezkari nagusiak gara Ruben Lopez, Unai Giraldo, Estibaliz Mato eta Javier Barrera.

Zein da zuen helburua?

Urtez urte jaialdiaz gozatu ahal izatea da asmoa, beti oinak lurrean edukita, ez garen zerbait sinetsi gabe. Kabiefest jaialdia lau pertsonak antolatu eta finantzatzen dugu, erakunde publikoen eta pribatuen laguntzarik gabe. Helburua da jendeak gozatzea eta ondo pasatzea. Baita ere, Kabiefest beraiena dela sentitzea.

Iaz antolatu zenuten Kabiefest lehen aldiz. Zer nolako harrera izan zuen?

Orain arteko erantzuna oso positiboa izan da. Jendeak dagoeneko ezagutzen du Kabiefest, aurreko edizioan asko gozatu zuten, eta aurten horrelako jaialdi bat etxean izatea pribilegioa dela iruditzen zaigu.

Aurrera begira, zein asmo dituzue?

Kabiefest antolatzen jarraitzea da gure nahia. Oihartzuna izan du jaialdiak, eta Kabiezes auzoa ezagutzera eman dugu hemen inguruan, eta Latinoamerikaraino iritsi da. Dagoeneko hurrengo edizioa prestatzen ari gara, gainerako ekitaldien antzera. Doakotasuna mantenduko dugu, mundu guztiak gozatu dezan.

Hurrengo kontzertuak