2020/01/27

"Kanpoan bilatu behar izan dugu etxean inork eman ez diguna"

Errautsetatik berpiztu da Numen, Euskal Herriko erreferentziazko black metal taldea. Seikotea eraberritu eta lan berria plazaratu dute, hamarkadaz gaindiko isiltasun diskografikoaren ostean. Iluntasuna Besarkatu Nuen Betiko laugarren diskoak harrera beroa izan du zirkulu gertukoenetan, baina baita nazioartean ere. Besteak beste, mundu mailako heavy metal jaialdi handienetakoa den Hellfest Open Air frantziarrean ariko dira, datorren ekainean. Aurrez, etxean eskainiko dituzte emanaldiak, Portugaleten eta Arrasaten (urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean). Zuzeneko horien atarian aritu gara solasean Lander Olazabalaga baxu jotzailearekin.

12 urte igaro dira hirugarren disko homonimoa plazaratu zenutenetik. Nolakoa izan da horrenbeste denboraren ostean berriz ere taldean elkartu eta sormen prozesuan murgiltzea?

Luzea izan da azken lanetik egundaino pasatako denbora. Taldea ez zen guztiz desegin, baina letargia garai bat egon da tarte honetan guztian Formazioan aldaketak eta egokitze prozesu ezberdinak egon dira egungoa egonkortu arte. Hori lortu ondoren, ederra izan da abesti berrien sorkuntza prozesuan murgiltzea. Berriro ere entseguen dinamikan sartu, eta zerbait berria eta freskoa gorpuzten joan ginen, lan oso bat aurkezteko materiala sortu arte. Polita da sortu duzunak forma hartzen duela ikustea, baita forma berreskuratu eta lokaleko entseguetara itzultzea ere.

Konposaketa berriak lantzerako garaian, kutxa zaharrean gordeta zenuten materiala berreskuratu duzue edo hutsetik hasi dituzue kantak?

Denetarik egon da. Abesti batzuek grabatu genituen unerako jada izango zituzten urte pare bat. Konposaketaz Jabo arduratzen da nagusiki, eta beti dabil gauza berriak ateratzen, sorkuntza etengabean. Atzera begiratuz gero ziur riff bikainak bidean gelditu direla, baina abesti bat hasi eta bukatzeko prozesuan askotan aurrera begiratu behar duzu eta zirkulua itxi. Urte hauetan guztietan zehar fase ezberdinak egon dira, eta lokalean “hilik” dagoen ordenagailuan beste bi disko grabatzeko adina material egongo da. Dena den, pauso garrantzitsuena izan da taldearen formazioa egonkortu eta berriro zerbait berria egin izana.

Iraganeko aroaren aldean, bateria aldaketa da nobedade nagusia. Zenbateko ekarpena egin du Eihar Unamunok konposaketan eta taldearen soinu berrian?

Eiharrek Numen berpiztu du. Gogorra da bateriak programa batean idatzi eta lokalean roboten antzera entseatzen ibiltzea. Hori izan zen Numen grabatu aurreko eta osteko egoera, eta horrela pasatu ziren urteak taldea ia guztiz itotzeraino. Eiharrek freskotasuna ekarri du. Berriro ere zarata lokalean, eta sortutakoak benetan zein esentzia duen disfrutatzeko aukera. Bera da Numen egungo egoerara iritsi izanaren erantzule nagusia. Konposaketari dagokionez, asko igartzen da musikari bat gehiago dagoela atzean, ez du zer ikusirik ordenagailu bidez idatzitako bateriekin. Emaitza hor dago eta aldea nabarmena da.

Instrumentalki, black metal basatiaz gain, tartea dute ohiko legez instrumentu folklorikoek. Zein izan ohi da aparteko soinu hauek lantzerako garaian kontuan izaten duzuen irizpide nagusia?

Egia esan, ez dago irizpiderik. Aurreko diskoan ez nintzen taldeko baxujole finkoa, baina kolaborazioak egin nituen txirula eta albokarekin. Lan zaharren aldean, disko hartan ez zen abesti instrumental edo akustikorik sartu. Oraingo honetan, ordea, pentsatu genuen iraganeko garaiei keinutxo bat egitea instrumental baten bitartez. Diskoa oso gordina da, black metala bere esentzian. Pentsa daiteke akustikoak ez duela lekurik bertan, baina arlo honetan Numenek egin du bere ibilbidea. Zirriborro bat egin nuen taldearen baitan lekua izan zezaketela uste nuen ideiekin, eta horren emaitza da diskoko azken kantua. Itzaltzuko bardoari keinu bat egin nahi izan diot eta Gartxoten istorioa gurera ekarri. Garai bateko Numen ekarriko dio askori gogora. Benito Lertxundiren Altabizkar-Itzaltzuko bardoari lan apartari egindako omenaldia da kantu hau.

Ekoizpenari dagokionez, hainbat aukera baloratu ostean, Ekaitz Garmendiaren Black Storm estudioen alde egin zenuten. Zerk bultzatu zintuzten berarekin lan egitera, eta zelako eragina izan du azken emaitzan?

Pista guztiak grabaturik genituen jada, eta nahasketa egitea falta zitzaigun. Aukera ezberdinak izan genituen mahai gainean, eta Ekaitzekin egitea erabaki genuen. Lehen unetik ikaragarria izan da bere inplikazioa, eta lehen zirriborroetan bide onetik gindoazela ikusi genuen. Nahi genuen soinura hurbiltzen joan ginen zenbait froga aztertu eta hobetu ostean. Dena gorpuztea lortu zuenean Karrantzako Black Storm estudiora joan ginen asteburu pasa, azken nahasketa burutzera. Beti daude erabat konbenzitzen ez zaituzten xehetasun edota pasarteak, baina hori edozein grabaketa eta nahasketa prozesutan gertatzen da. Abestien konposaketak ere eragina du azken emaitzan. Badaude zati melodiko batzuk beste batzuk baino gehiago sonatzen dutenak, berdin grabaturik eta nahasturik dauden arren. Badaude gitarra garbiko zati arpegiatu zirraragarriak, distortsioaren ondorioz atzerago entzuten direnak. Black metala nahastea eta dena nabaritu ahal izatea ez da erraza. Osotasuna baloratu behar da, eta alor horretan oso gustura geratu gara Ekaitzen lanarekin.

Kontzeptualki, esan liteke lan berria inoizko filosofiko eta espiritualena dela. Zein gogoeta nabarmenduko zenituzkete, eta zergatik esploratu dituzue ildo horiek?

Zahartzaroa izango da... 40 urteek ez dute barkatzen! Batzuetan iruditzen zait tematika itxiegia dugula. Kondairak, izaki mitologikoak, nortasun paganoa, kristautasunaren jazarpena… Oraingo honetan agian barruragotik aztertu ditugu elementu hauek, eta pasadizo konkretuak bilatu pentsamenduak islatzeko. Beti ere, ikuspegi ilun batetik. Lur honekiko lotura eta maitasuna trasmititu nahi izan ditugu, antzinako herri baten izaera paganoa, gogoeta ilunekin kontatua.

Aipatu berri duzun moduan, Numenek beti izan du lotura estua mitologia, natura eta paganismoarekin. Nola eraldatu da giro hori musikaren bidez transmititzeko era taldearen hastapenetatik gaurdaino?

Musikalki eboluzio bat egon dela nabaria da, baina Numenen betiko esentzia mantendu da. Pagan metal estiloan nabariagoak dira folk ukituak eta pasarte atmosferikoak, badago hau faltan bota duela esan digunik ere. Teklatuek leku gutxiago izan dute oraingoan, baina ez da nahita egindako zerbait, abestiek hori eskatzen zuten eta hauxe da emaitza. Atzera begiratuz gero, nabarmena da black metal gordinera egin dugun eboluzioa.

2011n Frantziako Les Acteurs de l’Ombre diskoetxearekin harremana estutu zenuten, eta horren emaitza izan zen aurreko diskoaren berrargitalpena. Orain nobedade diskografikoa plazaratu duzue eurekin, nazioartean ate berriak irekitzeko balio izan al dizue?

Bai, zalantzarik gabe. Beraiekin izan genuen aurreko esperientzia ona izan zen, eta aukera ezberdinak kontuan izan ostean, euren proposamena egokia iruditu zitzaigun. Halakoek lana errazten diote taldeari zabalkundea egiterako orduan, eta sarean presente egoteko lagungarri dira. Oso lan txukuna egiten ari direla esan beharra daukagu, zigiluak ahalbidetzen digu gure kabuz iritsiko ez ginatekeen lekuetara iristea.

Hain justu, Frantziara irtenaldia egin zenuten pasa den urteko amaieran, black metal giroko bi gaualditan disko berria aurkezteko. Zer moduzko harrera izan zenuten Nantesen eta Parisen?

Bi hiri horietan egin ohi du diskoetxeak bere urteroko jaialdia eta bertara gonbidatu gintuen. Oso esperientzia polita izan da, taldearentzat txute bikaina. Antolakuntza paregabea eta lokalak ere oso txukunak. Primeran tratatu gintuzten, maitatuak eta baloratuak sentitu ginen. Handia da hori gero! Kanpoan jo eta maila handiko talde eta musikariak bertatik bertara ikustea ere beti da aberasgarria. Jendeari dagokionez, bi datek ondo funtzionatu zuten. Publikoa dena ematen ikusi genuen, Parisen batez ere. Sex Pistolsek Tamesisen jo bazuen, guk Senan jo dugula esan dezakegu. Oso ona izan da esperientzia.

Zuen zigilua gainera, Season of Mist diskoetxe erreferentearekin lankidetza estuan aritu ohi da. Ireki al dezake honek taldearentzat etorkizuneko bide are handiagorik?

Ez dakigu, momentuz hankak lurrean. Ekainean Hellfestera goaz LADLOkoek lotuta. Guretzako hau sari ikaragarria izan da. 23 urte beteko dira Numen sortu zenetik eta, gorabehera eta fase ezberdinak tarteko, azken bi urteetako lanaren emaitza ari gara jasotzen. Orain disfrutatzea tokatzen da. Bideoklipa ere grabatu genuen sekulako lana eginez, berria izan da guretzat, aurrera ateratako beste erronka bat. Taldea osasuntsu dago eta hori da garrantzitsuena. Kontuan eduki behar da Cerebral Effussion ere hor dagoela, eta Eihar eta Jabok konpromisoak dituzte eurekin.

Euskaraz kantatzearen aldekoa izan da beti zuen hautua. Zelako harrera izan du honek nazioarteko zigiluen ateak jo eta zeuen musika argitaratzeko aukerez hitz egiterakoan?

Euskararen aukeraketa garbia da, eta ezingo genuke Numen beste era batean ulertu. Zigiluek ez digute hizkuntzaren kontura inolako baldintzarik jarri. Tira, erantzun duten zigiluek, askok hori ere ez baitute egin. Bestalde, kanpora joan garenean harrera ona izan du gure musika eskaintza hizkuntza “arraro” batean aurkezteak. Egia esan, zuzeneko batean ez dut uste inork ezer ulertzen duenik, baina taldea gustoko badu eta berau ezagutzeko interesa erakutsiz gero, euskara gauza “exotiko” gisara hartu dezake. Taldearentzat ezberdina eta berezia den aspektu bat da, eta gure lurra, nortasuna eta kultura zabaltzeko ezinbesteko bidea.

Muturreko metalak badu zale andana Euskal Herrian. Ordea, lurrazpikoa da alor mediatikoan eta musika industriaren baitan. Nazioartekoa al da zuen tankerako taldeentzako bide bakarra?

Garbi dago musika honek hedabide ofizialetan ez daukala lekurik. Sarean bizirik egotea eta kontzertuak ematea da presentzia bermatzeko bide bakarra. Eszena hor dago eta hedabide lokal zein webzine ezberdinek oihartzuna ematen diote zerbait berria dagoenean. Gure kasuan, garbi esan dezakegu kanpoan bilatu behar izan dugula etxean inork eman ez diguna. Ez dakit bide bakarra ote den, baina zabalkundea egiteko aukera eman digu. Cerebral Effusionek, esaterako, bitan egin du bira Errusian, hirutan AEBetan. Europan zehar ere hainbat kontzertu eman izan ditu. Agertu al da nonbait? Taldea beste estilo batekoa balitz, hedabide ofizialek ziurrenik sekulako zabalkundea emango liokete. Eta Cerebralekoek ere kanpoko zigiluekin funtzionatu dute. Inork ez die ezer oparitu Euskal Herrian. Ekoizpena norberak egitea posiblea da neurri batean, baina zabalkundea beste kontu bat da. Elfforren kasua ere hor dago, autoekoiztua eta zabaldua. Bere musika eta talde kontzeptuak bestelakoak dira, ezberdinak, baina urtero plazaratzen du material berria, eta mundu mailan ditu jarraitzaile fidelak. Benetan esanguratsua.

Egun gutxi barru etxean eta modu bikoitzean aurkeztuko duzue Iluntasuna Besarkatu Nuen Betiko, Euskal Herriko beste bi black metal taldek lagunduta. Aparteko berezitasunik izango al dute bi emanaldi hauek?

Polita da guretzat Helde eta Nakkigarekin kontzertu hauek konpartitzea. Azken aldian kanpoan egin ditugu kontzertuak eta inguruan jotzerakoan izen handiko talderen batekin izan da. Jaialdi handiak, sarrera garestia… gainera, soinu aldetik sentsazio gazi-gozoarekin gelditu gara. Etxean, gure jendearekin Euskal Black Metal festibal bat egin nahi genuen, eta bikoitza izatearen aukera primerakoa da; Portugaleteko Groove aretoan eta Arrasateko Gaztetxean. Bizkaialdean egiteke geneukan kontzertu bat, eta bestea geure etxean. Zerbait berezia egin nahi genuen, Numenetik pasatu den jendea eszenatokira igo eta beraiek omentzeko kantu zaharren bat jotzea. Asmo hori presente egon da baina, tamalez, horrek denbora eta prestutasuna exijitzen ditu, urte asko igaro dira eta gu ez gara Oskorri zentzu horretan. Aparteko berezitasunik ez da egongo, beraz. Disko berria aurkeztuko dugu aurreko lanetako abestiak uztartuz. Baina, guretzat berezia izango da 15 urteren ostean Arrasateko Gaztetxean jotzea.

Mikel Yarza Artola

Hurrengo kontzertuak