2020/04/05

"Kantuak eta eleberria batera idatzi ditugu ildo bera mantentzeko"

Istorio bat kontatzeko hainbat modu daude. Literatura, musika eta zinemaren bidez hamaika ezagutu ditugu. Errealak eta fantastikoak, gertukoak zein urrunekoak. Donostiako Dravernue heavy metal bandak bere istorio propioa idatzi eta kontatzea erabaki du. Proyecto D.A.G.D.A. da lehen atala, disko-liburu formatuan argitaratu dutena. Entzulea eta irakurlea harrapatzen duen kontakizuna da, askotariko partaideekin borobildu dutena. Abentura fantastikoen zaleentzako proposamen interesgarria da. Raul Gil abeslariarekin hitz egin dugu. 

Dravernue erreinu bat ez ezik, zuen taldearen izena da. Noiz abiatu zen zuen istorioa?

Duela hiru edo lau urte hasi zen gure abentura. Alex Rodriguesek eta Unai Iglesiasek Mandragora Negra utzi ondoren, nirekin elkartu ziren, hasiera batean kontzertu akustikoak egiteko asmoarekin. Denbora bat pasata, genituen ideiak aurrera eramatea erabaki genuen. Horretarako, Ekaitz Acedo bateria fitxatu genuen, eta gerora Eider Bailador teklatu jotzailearekin osatu genuen taldea.

Zuen izenak ere badu bere azalpena.

Gure bizitzekin lotura estua du, baina guretzako bakarrik gordeko dugu. Halere, musikari bakoitzaren ibilbidea ezagututa, ez da askorik behar azalpen horrekin topo egiteko.

Erronka zaleak zarete. Zergatik erabaki duzue metal opera baten bidez istorio fantastiko bat kontatzea?

Gauza errazak egitea ez dugu gustuko. Beti gabiltza gure mugen bila. Unaik Hiverland taldearekin zuen proiektu zahar bati jarraipena ematea erabaki genuen. Azken batean, gure lana aipaturiko bandak argitaratutako Dreamcatcher diskoaren jarraipena da.

Proyecto D.A.G.D.A. da zuen estreinako disko-liburuaren izenburua. Musika eta literatura uztartu dituzue. Dena dela, zein izan zen oinarria, soinu banda edo eleberria?

Biek garrantzia bera izatea nahi genuen. Kantuak eta eleberria batera idatzi ditugu ildo bera mantentzeko. Liburua Alexek, Unaik eta Yosu Andreuk idatzi dute. Musika, berriz, Unai eta bion artean egin dugu.

Izenburua berezi samarra da. Zein da bere esanahia?

Hiru gauzekin du lotura. Batetik, ordenagailua izorratzen duen birusaren izena da: Destrucción Automática del Gestor de Datos Almacenados. Bestetik, Irlandako mitologiako jainko nagusia da, eta azkenik, Re La Sol Re La musika noten baliokidea da DAGDA ingelesez. 

Liburuaren atzealdean irakur daiteke istorioaren sinopsia. Heiko izeneko gazte bat da protagonista, eta beste hainbat pertsonaia ditu bidelagun. Bizitzea egokitu zaion abentura ez da nolanahikoa, ezta?

Gizarteak lo lasai egin ezin duen garai batean kokatzen da istorioa. Herritarrek erregeak emandako eskumuturreko batzuk behar dituzte babesteko. Eskumuturreko hori ez dutenak desagertuko dira arrastorik utzi gabe. Momentua iristen denean, erregeak oinordeko bat beharko du, eta horretarako, froga batzuk antolatuko ditu. Une horretatik aurrera, Heiko konturatuko da hiritik harago askoz ere gehiago dagoela. Heikoren garapena eta trebakuntza ezagutuko dugu. Agintari berria izateko prestakuntzaren parte dira.

Gaztelaniaz abesturiko heavy metalarekin kontatu duzue abentura. Bereziki, metal doinuen aldarte melodikoa da jorratu duzuena, bestelako eraginei lekua eginez. Istorioak behar zuen soinu banda da?

Esan bezala, musika istorioarekin batera sortu dugu, eta abenturak zein pertsonaiek eskatzen ziguten estiloak jorratu ditugu. Horrela, diskoak bi aldarte ditu, eta horietako bat melodikoagoa da. Pertsonaia bakoitzak bere musika estiloa izatea nahi genuen.

Lana bere osotasunean auto-ekoiztu duzue. Sormenetik hasi eta azken detaileraino. Soinuari dagokionez, Unai arduratu da prozesuaz. Etxeko lanak ondo egin dituela esan daiteke. Gustura zaudete lortu duzuen emaitzarekin?

Gaur egungo talde hasiberri askorentzat auto-ekoizpena da bide bakarra. Zorionekoak gara Unai gure artean dugulako. Soinu ona lortzeaz gain, bere lana ezinbestekoa izan da prozesu osoan zehar. Bera da lan gehien egin duena, eta emaitza ezinhobea lortu duela uste dugu.

Metal opera hainbat idatzi eta argitaratu dira. Ez zarete lehenak, eta ez zarete azkenak izango. Ordea, zuenak badu bereizgarritasun bat; gaztelaniazko bikoizle esanguratsuek parte hartu dute istorioaren kontaketan. Beste izaera bat eman diote zuen proposamenari?

Konposatzen hasi ginenean entzuleari istorioan murgiltzeko bidelagunak eskaini nahi genizkion. Horrela, bikoizleak sartzea ideia ona iruditu zitzaigun. Egia esan, esperientzia handiko bikoizleak lortu ditugu: Pepe Mediavilla (Ian Mckellen, Morgan Freeman), Ramon Langa (Bruce Willis), Luis Posada (Matt Damon, Adam Sandler) eta Nuria Mediavilla (Nicole Kidman, Angelina Jolie).

Musikari ezagunek ere kolaboratu dute metal operan. Hala nola, Aitor Gorosabel (Su ta Gar), Isra Ramos (Avalanch), Mikel Bizar (Auritz, Idi Bihotz) eta Pablo Garcia (Warcry). Zenbatean aberastu dute azken emaitza?

Ezinbestekoak dira. Beraiei eta bikoizleei esker gure lanari osotasun bat eman diote. Pertsonaia bakoitzak ahots bat izatea nahi genuen, eta begira, ahots paregabeak lortu ditugu.

Tobias Sammet alemaniarraren Avantasia metal opera da erreferentea, beste hainbaten artean. Zuek ere estimatzen duzue?

Guretzako ere Avantasia da gehien estimatzen dugun metal opera. Dena dela, antzeko beste hainbat lan ere estimatzen ditugu. Esaterako, Legado de Una Tragedia eta Auritz.

Hain zuzen ere, gurera etorrita, Auritz banda da euskarazko lehen metal opera argitaratu duena. Proiektua ezagutzen duzue, eta zer iruditzen zaizue?

Gure lanarekin antzekotasunak ditu disko-liburua delako. Historia, berriz, bestelakoa da. Auritz taldeko kideak lagunak dira, eta aparta da argitaratu duten lana.

Erreferenteak aipatuta, literatura eta zinema zaleak zaretela aurreikusi daiteke. Zeintzuk dira zuen film eta liburu gustukoenak?

Fantasia eta zientzia fikzioa gure gustuen artean daude. Seguru gaude gure eraginak erraz apreziatzen direla. Gure helburua da entzule eta irakurleak sortu dugun istorioaren barneratzea.

Urte hasieran taula gainera eraman zenuten estreinako lana; bat eta bakarra. Bizi dugun itxialdi egoera gainditzerakoan kontzertu gehiago emateko itxaropena duzue?

Bada bai, kontzertu bakarra eman dugu. Apirilean hastera gindoazen kontzertu denboraldiarekin, baina dena eten da koronabirus ezagunarengatik. Espero dugu udaren ondoren pixkanaka normaltasunera itzulea, eta kontzertua emateko aukerak izatea. Dena dela, urteko azken hilabeteetan kontzertu asko pilatuko dira eta saturazio arriskua ikusten dugu. Pausoak ondo eman beharko ditugu kontzertu gutxi baina onak emateko.

Lan kontzeptuala plazaratu aurretik istorioarekin loturarik ez duen Hoy Empiezas a Ver kantua aurkeztu zenuten. Zergatik?

Talde gisara egin genuen lehen abestia izan zen, eta guretzako oso garrantzitsua da. Geure amei eskainitako abest bat da. Ez genuen albo batera utzi nahi, eta, horregatik, taldearen aurkezpen gisa erabiltzea erabaki genuen.

Metal operak bigarren atala izango al du?

Oraindik ez dakigu zer egingo dugun. Istorioari jarraipena emango dion bigarren zatia, edo istoriaren aurrekoa izan daiteke. Etorkizunean erabakiko dugu.

Inaxio Esnaola Aranzadi

Hurrengo kontzertuak