Lezamako Kartzarot heavy metal banda beteranoa utzi du Asier Vicario Matxi abeslariak, arrazoi pertsonalengatik. Adierazpen lehor samar batekin jakinarazi dute sare sozialetan, nahiz eta kideetako batek umore puntua gaineratu. Taldearen bi aroetako abeslaria izan da 1989 eta 1999 urteen artean, eta 2013tik egun arte.
Argitu ez dutena da beste abeslariren bat topatzeko asmoa duten. Izan ere, urriaren 23an kontzertu instrumentala egingo dute Erromoko Billares Barrian.
Kartzarot da Bizkaiko euskarazko heavy metalaren aitzindaria. 2019an argitaratu zuten L iraupen luzeko bigarren diskoa, orain arteko azkena.