Itzala luzea bada ere, laburtzea posible dela erakutsi du Suhuskuneko Kimule taldeak. Izan ere, azkenaldian Ipar Euskal Herriko muturreko metal txokotik atera diren proposamen gehienak munstro ezagun baten hurbilekoak dira. Gojira laukoteak eragindako eskola emankorra eta garrantzitsua izaten ari da. Kink Mullet ohiak, ordea, ez dira eskola horretara mugatu itzuleran.
Hamarkada bateko bidea bete eta aldaketak aldaketa, izena aldatuta argitaratu dute Eskorgatra estreinako diskoa. Eskorga edo orga txikia hartuta azaldu dira, landa eremutik zibilizaziora. Zuri-beltzean ageri dira, zuriak eta beltzak uztartuz euren musikagintza gordinean. Groove metala dute oinarri, thrash/death metal zantzuekin eta post-hardcorearen esentziarekin. Beste modu batera esanda, Lamb Of God, Gojira eta Lisabö taldeen doinuen koktela osatu dute.
Kink Mullet izatetik Kimule izatera pasata, ezin jakin bilakaera zenbaterainokoa izan den. Beraz, zortzi abestiz osaturiko lehendabiziko lanari erreparatu beharko diogu. Zapaltzailea, astuna eta argi-ilunez beterikoa da, azken ezaugarri horren izaera baikorrari helduta. Pentsaeren, Bazka, Muleta eta Boga piezak dira adierazgarrienak, aipaturiko osagaiez ondo armatuak.
Bi ahotsetara kantatzen dituzte Baxenabarreko hizkeran. Pettan Prebende bertsolaria da bata, eta Nicolas Ruitz bestea. Bien arteko jolasak arintzen ditu distortsio sakonak. Bestalde, aipatzekoa da Camille eta Remy Milhac anaien presentzia –gitarrista eta baxu jotzailea lehena, eta bateria jolea bigarrena–, Torheit eta Hurmurao taldeko kide ere badirenak. Eñaut Costera gitarrista da bosgarren taldekidea. Elkarrekin jauzi egin dute agertokietara, eta badirudi zuzenekoak eskaintzeko gogotsu daudela.
Inaxio Esnaola Aranzadi
Diskoetxea: Autoekoizpena.
Abesti zerrenda:
01. Pentsaeren
02. Bazka
03. Deitzi
04. Eskorgatra
05. Muleta
06. Biduza
07. Boga
08. Suhuskune